Bermeoko alde zaharra
Bermeoko Udaleko ostalaritzako udal ordenantzak Alde Zaharreko ostalaritza establezimenduen arteko distantziak mugatu izan ditu orain arte; hau da, tabernen artean distantzia minimo bat egon behar zen ezinbestean. Orain, muga horiek kendu gura ditu udalak, eta, horretarako, azken udalbatzarrean ordenantza aldatzea erabaki zuten udal ordezkariek, aho batez.
Ostalaritzako udal ordenantzak finkatzen zituen distantzia horiek sasoi batean mantentzea garrantzitsua zela azaldu zuen udalbatzarrean Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek: “Batetik, taberna asko zabaltzen zirelako, eta, bestetik, taberna bat zabaltzeko bete behar den araudia ez zelako egun bezalako zorrotza”.
Bermeoko Udalak Alde Zaharreko jarduera ekonomikoa bultzatzeko aukera moduan ikusten du ostalaritzako udal ordenantzak zehazten dituen muga horiek bertan behera uztea; izan be, orain arte tabernen artean hogei metroko distantzia minimoa errespetatu behar zen.
Momentu honetan jarduera ekonomikoak ezin daitezkeela mugatu uste du Bidegurenek. Gainera, herriko zenbait ostalarik egindako eskaerei erantzuna emoten dion neurria dela zehaztu du.
Bilduren eta Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) aldeko botoekin onartu zuten azken osoko bilkuran ostalaritzako udal ordenantza aldatzea. Estatuko Aldizkari Ofizialen argitaratu ostean, alegazioetarako tartea zabalduko dute, ordenantzaren aldaketa hori behin betirako onartu baino lehen.