Basquetour Euskal Turismo Agentziak eta Bermeoko Udalak, herria turismorako erakargarriagoa bihurtzeko, edertze plana diseinatu dute. Plan horrek 40 ekintza zehazten ditu, halanda be, Idurre Bideguren Bermeoko alkatearen esanetan, «lehentasunak finkatu beharko ditugu».
Madariaga eta Bideguren planarekin
Edertze planak helburu bikoitza du; batetik, herria jomuga turistiko modura apaintzea, eta bestetik, herritarrentzat zein bisitarientzat erakargarriagoa bihurtzea. Modu horretan, planari esker, herriaren nortasuna zehaztu gura dute gainontzeko herrietatik bereiz dadin. Planak zehazten dituen ekintzak, bestalde, herritarren bizi kalitatea hobetzeko diseinatutakoak direla azaldu du Arantza Madariaga Basquetoureko zuzendariak. Horrez gain, iraunkortasuna zaindu beharko duten ekintza horiek, «erabateko errentagarritasuna» bermatu beharko dutela adierazi du. Aurrera egin ahal izateko, baina, eragile publikoen eta pribatuen inplikazioa «beharrezkoa» dela esan du Madariagak. Horregatik, lanean jarri aurretik, edertze plana ezagutara emon behar dutela azaldu du Bermeoko alkateak «bai sektore turistikoari zein herritarrei be».
Turismorako edertze plana gauzatzeko, Bermeok dituen aldeko elementuak zein herria desitxuratzen dituztenak finkatu dituzte:
aldeko elementuak
– Gaztelugatxe-Matxitxako.
– Hirigune historikoa.
– Portua.
– Itsasoa.
– Gastronomia.
– Bermeotarren izaera.
– Urdaibai eskualdeko burua.
– Aire zabaleko museoa (ondare handia daukalako)
herria desitxuratu
– Arrantzaleen nortasuna indartu eta azaleratu beharra.
– Fatxada itsusiak edo egoera txarrean daudenak: Portuzarrean, merkatal portuan.
– Hiri guneetako konexioak hobetu beharra.
– Herri barruko mugikortasuna hobetu beharra.
– Irisgarritasun eskasa.
– Turismo interes guneak txarto seinalatuta.
Bermeoko alkatearen esanetan, «gure herriari buruzko kanpoko adituen ikuspuntua izatea esperientzia positiboa izan da; zenbait lekuetako ikuspuntu desbardinak ditugu guk edo bisitariek».
Turismo iraunkorra landu gura dutela adierazi du Bidegurenek, «era berean, lanpostuak sortuko dituena», dio. Edertze planari fruituak ateratzeko, baina, oraindik gauza asko egin behar direla azaldu du eta horretarako lehentasunak finkatuko dituztela gaineratu du.
Edertze planarekin hasteko, fatxada batzuen konponketak eta zoladuren tratamendua egitea aurreikusi dute. Baina, guztira, 40 ekintza zehazten ditu planak, horietako asko herriaren nortasuna sendotzera bideratuta daude. Baina mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko, giza ondarearen elementuak sustatzeko eta ingurumen kalitate guneak hobetzeko ekintzak egitea be aurreikusten dituzte, beste hainbaten artean.