Txartelarekin ordainketa prozesua erraztuko dela uste du Bermeoko Udalak. Gainera, abantailak izango dituela zehaztu dute; izan be, txartelarekin ordainduta, bidai arrunta 0,70 ordainduko da. Txartel barik, barriz, 0,90 euro. Jubilatuen eta langabetuen kasuan, bidaiak 0,50 euro balioko du, orain arte moduan. Halanda be, hobariak izateko derrigorrezkoa izango dute txartela izatea.
Bermibusek txartelarekin funtzionatzeko lehen pausoa gaurko osoko bilkuran onartu dute Bilduren aldeko botoekin. EAJk, barriz, aurka bozkatu du. Gaur onartutako erabakia, baina, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da eta 30 eguneko epea irekiko da alegazioak aurkezteko. Behin betirako onartu eta gero, kanpaina bat abiaraziko dutela jakinarazi dute, Bermibusaren txartelaren sistemaren inguruko informazioa emoteko eta bere erabilera sustatzeko.
Bermeoko Udalak txartelaren erabileraren aldeko apustu argia egiten du. Horregatik, txartela erabilita egungo tarifa mantenduko dute, 0,70 euro. Txartela ez dutenek, barriz, 90 zentimo ordaindu beharko dituzte urritik aurrera. Lehenik eta behin, epe bat emongo dutela adierazi dute, “herritarrak prozesu barrira ohitzeko”.
Erabiltzaileek Bermibusean eskuratu ahalko dituzte txartelak bi euroren truke. Kargatu be autobusean egin ahalko dute; 5, 10 edo 20 eurokoak izan daitezke.
Jubilatuek eta langabetuek, barriz, Berh@z bulegoan hartu beharko dute txartela. Horientzako tarifa 50 zentimokoa izango da, beti be txartela izanda. Horretarako, jubilatuek Gizarte Segurantzak emondako jubilatu txartela aurkeztu beharko dute Berh@zen, eta langabetuek, barriz, Lanbidek emondako langabetu izatearen ziurtagiria.
EAJk aurka bozkatu du
Bermeoko Eusko Alderdi Jeltzaleko zinegotziek, barriz, aurka bozkatu dute. Sistemaren aldeko jarrera agertu dute jeltzaleek, baina ez daude ados txartela erabiliko ez dutenei tarifa igotzearekin. Prentsa ohar bitartez jakinarazi dutenez, “bidaiarien sarrera eta ordainketa arinduko ditu eta zerbitzua kudeatzen duen enpresaren lana erraztuko du. Gainera, jubilatuei eta langabeei kobratzea errazagoa izango da txartel bereziak izango dituztelako”.
Betiko ordainketa sistemaren alde egiten dutenek 0,90 euro ordaindu behar izanarekin ez daude konforme EAJkoek. “Urte bi honeen barruan aplikatu duten hirugrren igoera da. 20 zentimotan hasi zen zerbitzua 90 zentimora iritsi da”, diote.
Bermeoko Udalak Bermibusarena zerbitzu defizitarioa dela gogorarazi du gaurko osoko bilkuran, urtean 100.000 euro inguruko defizita sortzen baitu. Halanda be, garraio publikoaren aldeko apustua eginez, hori mantentzearen aldeko jarrera agertu dute, “herritarrentzat zerbitzu on bat” dela uste dutelako.