Hondakinak batzeko zerbitzua eskaintzeko, lehiaketa publikoa abiarazi dute Sukarrietan
Sukarrietako Udalak herritarrei kalitatezko zerbitzuak bermatu gura dizkie, horregatik, zerbitzu barri bat eskainiko die; hiri-hondakin solidoak batzeko eta garraiatzeko zerbitzua. Hortaz, udalak lehiaketa publikoa deitu du, zerbitzu hori kudeatzeaz arduratuko den enpresa aukeratzeko.
Hiri-hondakin solidoak kudeatzeaz arduratuko dan enpresa horrek, etxeko hondakinak batzeaz gain, merkataritza establezimenduetako hondakinak, hoteletakoak eta herriko bestelako aktibitate produktiboetako hondakinak batu beharko dituzte. Gainera, edukiontziak garbitzeko ardura be hartuko du. Horrez gain, herrian bildutako hondakinak Gernika-Lumoko Transferntziarako Plantara eroan beharko ditu.
Udaletik jakinarazi dutenez, zerbitzuaren kalitatea eta proposatutako kudeaketa plana izango dituzte kontuan lehiaketa irekian. Zerbitzuaz arduratuko den enpresak, bost urteko kontratazio epea izango du, bost urte gehiago luzatzeko aukerarekin.
Sukarrietako hiri-hondakinak batzeko eta garraiatzeko zerbitzua eskaintzeko prest dauden enpresek, udaletxean aurkeztu beharko dituzte proposamenak, hamabost eguneko epean.
Zerbitzu hau eskaintzeko, Sukarrietako Udalak 30.060 euroko aurrekontua duela azaldu dute.