30 lagun inguru batu ziren aurkezpenean
Atzo, Gure Esku Dago plataforma aurkeztu zuten Gernika-Lumon. Gure Esku Dago erabakitze eskubidearen aldeko plataforma barri bat da, eta dinamika zabal, bateratzaile, parte hartzaile, transbertsal eta plural bat sortzea da bultzatzaileen helburua. Azaldu zutenez, Euskal Herria nazio bat da, eta, horrenbestez, etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea zilegia da. “Nazio bat gara, eta aldaketa gure esku dago” nabarmendu zuten.
Plataformako kideen berbetan, Gure Esku Dago plataforma jaio-barria da, baina zenbait helburu jarri dituzte dagoeneko. 2014a bitartean, esaterako, herri eta eskualdeetako batzordeak sortzea izango da helburu nagusia. Diotenez, indar metaketa oso garrantzitsua izango da 2014rako aurreikusten dituzten ekimen jendetsuek arrakasta izan dezaten. Hala, plataformaren ateak zabalik dituzte parte hartu gura duten guztiek. Izan be, adin, pentsaera eta nazionalitate desbardineko herritarrak erakarri gura dituzte, aldarrikapenak indar gehiago izan dezan.
2014ko ekimen jendetsuak, bestalde, bi izango dira. Alde batetik, Durango eta Iruñea lotuko dituen giza kate bat egin gura dute antolatzaileek. Plataformakoek azaldu dutenez, “50.000 lagun beharko lirateke guztira, eta Busturialdeko 1.300 lagun inguruk parte hartu beharko lukete giza katea arrakastatsua izan dadin”. Hala, atxikimenduak jasotzen hastea ezinbestekotzat jo dute.
Bigarren ekimen jendetsua, bestalde, Eskozia, Herrialde Katalanak eta Euskal Herria lotuko dituen jaialdi erraldoi bat izango litzateke. Hiru egunez, aldarrikapenak eta jai giroak bat egingo dute Anoetan (Gipuzkoa).
Euskatalba izena jarri diote jaialdiari.