Futbol hastapenerako ikastaroak emongo dituzte udan, Mundakan
Neska-mutilei kirol jarduera eta hezkuntza eskaintzeko asmoz, futbol hastapenerako ikastaroak antolatu ditu Mundakako Udalak. Uztailean eta abuztuan zehar emongo dituzte ikastarook, eta horietan parte hartu gura dutenek astelehenetik aurrera izango dute izena emoteko aukera.
Hain zuzen, ikastaro bi egingo dituzte: bata uztailaren 15etik abuztuaren 2ra (astelehenetik barikura) eta bestea abuztuaren 5etik 16ra (astelehenetik barikura).
Hiru mailatan bananduta
Aipatu ikastaroak hiru maila ezberdinetan banatuta gauzatuko dituzte: batetik, prebenjaminak izango dira (2005 eta 2006 urte bitarteetan jaiotako umeak); bestetik, benjaminak (2003 eta 2004 urte bitarteetan jaiotako umeak), eta, azkenik, alebinak (2001 eta 2002 urte bitarteetan jaiotako umeak).
Mundakako Islakale Kiroldegiko bazkide direnek 40euro ordaindu beharko dituzte ikastaro bat egin nahi izanez gero; bazkide ez direnek, ostera, 60euro. Ikastaro biren prezioa, barriz, bestelakoa da: bazkideek 60euro ordaindu beharko dituzte eta bazkide ez direnek 100euro.
Uztaileko ikastaroan parte hartu nahi duenak astelehenetik uztailaren 12ra emon ahalko du izena, eta abuztuko ikastarorako, ordea, astelehenetik abuztuaren 2ra. Horretarako, interesatuak udal bulegoetara jo beharko du. Informazio gehiago gura duenak udal bulegoetan eta www.mundaka.org webgunean eskuratu ahal izango du.