Sei hiletan 153.180 kilo hondakin batu dituzte Ibarrako transferentzia gunean
Gernika-Lumoko Udalak jakinarazi duenez, industria-hondakin ez arriskutsuak batzeko eta sailkatzeko estazioan 153.180 kilo hondakin jaso dituzte 2013ko lehen seihilekoan. 53.940 kilo hiri- hondakin solidoak izan dira, 34.660 obra hondakinak eta 22.200 papera eta kartoia. 1.988 sarrera erregistratu dituzte, guztira, gehienak enpresenak. Hain zuzen, 1.514 izan dira enpresek egindako sarrerak, eta 474 norbanakoenak. Jarduera-maila altuenak urtarrilean –322 sarrera– eta apirilean –317 sarrera– erregistratu zituzten.
588 metro koadro dauzka Ibarrako transferentzia guneak. Besteak beste, eskualdeko enpresen kartoi, egur, plastiko… hondakinak batzen dituzte bertan, eta baita eskala baxuko produktu teknikoak be, disolbatzaileak, kasurako. Horiek jaso eta sailkatuta, material bakoitza dagokion lekura bideratzen dute.
Bestalde, zaborrak biltzeko eredu desberdinez ariko dira bihar Gernika-Lumon. Hain justu, Arratiako Mankomunitateko eta Lezoko Udaleko teknikariek berbaldia emango dute kultur etxean, 19:00etatik aurrera.