Metalgintzako langileak grebara deitu ditu ELAk aste honetan
Metal arloko langileek mobilizaziorako astea dute hau. ELAk deituta, barikura arte grebarako astea izango dela iragarri dute, eta enpresetan hitzarmenak blindatzearen alde indarrak batu asmoz egin dute deialdia. LAB sindikatuak, aldiz, CCOOrekin eta UGTrekin batera egin du deialdia, baina Bizkaian barikurako. Lurraldeko hitzarmen kolektiboa berritzea dute helburu hiru sindikatu horiek, uztailaren 7an iraungi aurretik.
Busturialdean eta Lea-Artibain 2.500 langile inguru dira grebara deitu dituztenak, eta mobilizazio astea “indartsu hasi” dela esan du ELAk, lehen balorazio gisa. Sektoreko arduradun Iñaki Arrietak azaldu duenez, “Enpresako hitzarmena lortzeko negoziazioa irekita edo irekitzeko duten enpresei egin diegu deialdia”. Izan be, Arrietaren ustez, hitzarmena blindatuta duten enpresak gero eta gehiago izan, herrialdeko hitzarmen hobea negoziatu dezakete sindikatuek. Mariano Raxoiren gobernuak onartutako azken lan erreformari aurre egiteko modu bakarra langileek beraien enpresetan hitzarmenak lotzea dela dio Arrietak, “langileen eskubideak blindatuko lituzketen klausulekin”. Izan be, azken erreformak enpresetan adosten diren hitzarmenei emongo die aplikazioko legea; hortaz, lurraldeko hitzarmenen gainetik izango dira.
Planteamendu horrekin, baina, ez dator bat LAB sindikatua. Azken horrek lurraldeko hitzarmena blindatzearen aldeko apustua egiten du lehenengo, gero enpresetako hitzarmenak lotu asmoz. Busturialdean eta Lea-Artibain metalgintzako arduradun den Jon Iñaki Alkortak azaldu duenez, herrialdeko hitzarmena blindatu ezean, enpresako hitzarmenik ez duten langileak uztailaren 7an Espainiako Langileen Estatutuaren araudiaren menpe gera daitezkeela ohartarazi du LABek, “estatu mailako metalgintzako hitzarmenik ez delako existitzen”. Estatutua duela 35 urteko araudi bat da, eta urte guzti horietan langileek lortutako hainbat eskubide galduko liratekeela dio Alkortak. Horregatik, Bizkaian barikuan egingo dute greba eguna, eta sektoreko enpresa denei zuzen dutako deialdia dela zehaztu du LABek.