Magurios Topaketak 400 motorzaletik gora bildu ditu asteburuan Bermeon. Izaro Bikers elkarteak topaketak antolatzen dituen laugarren urtea izan da aurtengoa eta antolatzaileen esanetan, «gero eta gehiago dira Bermeora etortzen animatzen direnak». Euskal Herritik kanpo etorritakoak be egon direla azaldu dute: Valentziatik, Soriatik, Madriletik eta Andaluziatik, esaterako.
«Oso pozik» daude Izaro Bikers elkarteko kideak asteburuak emon duenarekin, «primeran pasatu dugu guztiok eta etortzen direnak dena emoten dute», diote. Aurtengo barritasuna, umeentzako jokoak izan dira eta umeak zein gurasoak «gustora» izan direla jakinarazi dute. Zapatu goizean besteren artean, molto motorren zirkuitu bat antolatu zuten Pergolan.
Egun luzea izan zuten zapatuan Bermeon bildutako motorzaleek, goizean hasi eta goizaldera arte ez zuten aspertzeko astirik izan; moto irteerak eta moto jokoak egin zituzten egunez eta Esnatzen, Urgatz, Inguma eta Inmolados taldeen kontzertuekin emon zioten amaiera zapatuari. Herritar asko be jaialdira hurbildu ziren zapatuan.
Aurten, gainera, Izaro Bikers eta Kate Sarea elkarteek Espainiako Seginus, Legion, eta HDC motorzaleen elkarteek sustatutako kanpainarekin bat eginda, elikagaiak batzen ibili dira herriko supermerkatuetan zein asteburu osoan, topaketak ospatu diren Pergolan bertan. Batutako guztia Bizkaiko elikagaien bankuaren eskuetan utzi dute jada. Izaro Bikers elkarteko kideek eskerrak emon gura dizkie elikagaien batzean parte hartu duten guztieei: «motorzale gehienek ekarri dute kanpainarako zerbait. Motorzaleak zalapartariak baino gehiago gara, solidarioak gara».