Bermeoko Artza frontoiaren mendeurrena ospatzeko egingo dituzten jardueren lehena izango da Bizkaiko herriarteko eskupilota txapelketako finala. Ekainaren 22an izango da 17:00etatik aurrera. Hiru partidu jokatuko dituzte: kadeteek, jubenilak eta nagusiak. Finalean lehiatuko direnen izenak bihar arratsaldean jakingo dira; izan be, finalaurrekoen buelta jokatu behar dute Markinak eta Arrankudiagak eta Gernikak eta Portugaletek.
Gaur goizean egin dute Artza frontoian bertan 44. Bizkaiko herriarteko eskupilota txapelketako finalaren aurkezpena. Giro “ezin hobea” aurreikusten dela azaldu dute antolatzaileek, eskupilota partiduak baino gehiago izango baita finala. Zozketak egingo dituzte, opariak banatu eta partiduen artean Mikel Iruntziaga pilotari ohiaren musikaz gozatzeko aukera be izango dute bertaratutakoek. Aurtengoa, gainera, final “berezia” dela aipatu dute; izan be, Bermeoko Artza frontoiak 100 urte beteko ditu. Frontoiaren mendeurrena ospatzeko hainbat jarduera antolatu dituzte, lehenengoa ekainaren 22ko finala izango da, gainontzekoak urrian izango direla azaldu du Irune Ormaetxea zinegotziak.
32 herrik parte hartu dute Bizkaiko herriarteko eskupilota txapelketan eta aurtengoa “inoiz baino lehiakorragoa” izan dela adierazi dute.