Irudian, Ibon eta Eneko Goieaskoetxea anaien egoera salatzeko Busturian egindako protesta bat
Gaur goizean epaitu dute Eneko Goieaskoetxea Arronategi euskal preso busturiarra Madrilgo (Espainia) Justiziaren Hirian, 1996. urteko azaroaren 30ean Amurrioko (Araba) Justizia Jauregiaren kontrako atentatuan parte hartu izana leporatuta. “Txikizio terrorista” delitua egozten dio Fiskaltzak busturiarrarentzat, eta 15 urteko zigorra eskatu du harentzat. Goieaskoetxeak, baina, ukatu egin du Amurrioko Justizia Jauregiko atentatuan parte hartu izana, eta gertaeragaz “zerikusirik ez” duela esan du. Haren abokatu Jone Goirizelaiak azaldu legez, “Goieaskoetxeak epaileari esan dio dagoen lekuko bakarra Kepa Arronategi dela, eta hark inkomunikazioan zela eta mehatxupean egin zituela deklarazio polizialak, eta guztiak gezurrak direla”.
Goirizelaiak argi utzi du “Arronategiren deklarazioak baino ez” daudela Goieaskoetxearen aurka. Bestalde, “Arronategiren deklarazioetan oinarrituta eta antzeko kausengatik” busturiarra lau aldiz absolbitu dutela nabarmendu du abokatuak.
Gaurkoa kontuan izanda, bost auzitan epaitu dute Goieaskoetxea; oraindik beste hiru falta dituela esan du Goirizelaiak.