Iazko Gazte Eguna
Lau urte igaro dira dagoeneko Muxikako Erdu Gazte Asanbladak lehenengo Gazte Eguna antolatu zuenetik. Gazteen elkargune izanik helburua, aurten be egitarau polita dakar egunak. Bihar ospatuko dute, betiko legez, San Roman auzoan.
10:00etan hasiko dute gazteek jaieguna, txupinaren jaurtiketagaz, eta ordubetera zabalduko dute paella txapelketan izena emoteko epea. Goizean paellak prestatzen egon ondoren, Ibarruriko Baso Txoritxu dantza taldearen saioa edukiko dute ikusgai, 13:00etan. Paellak, bestetik, 14:00etan aurkeztu beharko dituzte.
Bertso bazkaria egingo dute ondoren, eta 17:00etan iritsiko da paellarik onenak nortzuk egin dituzten jakiteko ordua. Sari banaketa eginda eta ohiturari jarraituz, koadrilen arteko olinpiadetan parte hartuko dute San Romanen bildutako Muxikako zein beste herrietako gazteek. Mus txapelketarik be ez da faltako, ezta kontzerturik be ez. 22:00etan, Sarkor eta Vendetta igoko dira oholtzara. Ostean, erromeriak girotuko du auzoa, Luhartz taldeagaz.