![Urdaibaiko aurtengo arraunlariak, taldeko arduradunekin batera](http://busturialdea.hitza.eus/site/files/2013/06/pnga_erakutsi-6.pl_1-300x225.jpeg)
Urdaibaiko aurtengo arraunlariak, taldeko arduradunekin batera
Denboraldi hasiera berezia dute aurtengoan arraunlariek, 2013ko San Miguel Liga Bartzelonako (Herrialde Katalanak) uretan hasiko baita, domekan. Euskadi Basque Country bandera izango dute jokoan, eta lehenengo estropada hori irabaztea “martxa hartzeko sekulakoa” izango litzatekeela uste du Urdaibaiko presidente Josu Zabalondok.
Iazkoa baino denboraldi hobea egiteko asmoa dauka aurten Bermeoko Urdaibai arraun elkarteak. TKE Liga irabaztea dute aurten helburu, baina, Zabalondok dioenez, “gainontzeko txapelketak be lortuz gero, askoz hobeto”. Aurtengoa irabaziz gero, Urdaibaik zenbatuko lukeen bosgarren liga izango litzateke, eta, gainera, bosgarrena eskuetan, brontzezko koroa jasoko luke.
Bide horretan, aurtengo denboraldia “ondo” aurreikusten dutela adierazi du presidenteak: “Talde gogorra daukagu, eta mutilak zein entrenatzailea pozik daude; orain arte izandako emaitzak be onak izan dira”. Azken estropada Lekeition jokatu zuten bermeotarrek, joan den domekan, eta garaipenagaz bueltatu ziren etxera.
Zenbait aldaketa egin dituzte aurten taldean, entrenatzailearena, kasurako. Hala, Jon Salsamendiren aginduetara ariko dira denboraldi barrian
Bou Bizkaiako arraunlariak. Zabalondoren esanetan, entrenatzaile barriagaz “gustura” daude mutilak. Izan be, “onerako edo txarrerako, Salsamendi zuzena da gauzak esaterakoan”, eta jarrera hori taldearen hobebeharrerako dela deritzo Zabalondok.
Arraunlariei dagokienez, aurten propioekin arazorik ez dutela izango adierazi du Zabalondok, “baina gero mutilek uretan emon beharko dute emon beharrekoa”. Haren hitzetan, “ospea duten arraunlariak, traineru ona eta tituluak izatea alferrik da, gerora emon behar dena emoten ez bada”.
Bestalde, aurkaririk gogorrenak nortzuk izan daitezkeen esatera ez da ausartu taldeko presidentea, “beti baitaude ezustekoak”. Hori dela eta, gakoak nork bere lana ondo egitean datzala uste du. Hartara, iaz baino denboraldi hobea egitea da, azken finean, taldearen helburua.
‘Bou Bizkaia’ barria
Bou Bizkaia be barria du aurton Urdaibaik, platano itxurakoa. Daukan formari esker, traineru arinagoa da. “Nahiz eta ziabogetan bi segundo arinago sartu, traineru hori zutenak baino hiru segundo beranduago ateratzen ginela egiaztatu genuen iaz, eta horrek segundo asko galtzea suposatzen du”. Halanda be, aurten talde gehienak traineru mota horrekin lehiatuko direlakoan dago Urdaibaiko presidentea.