Hamabi urteko musika ibilbideagaz, bere seigarren lana dakar Gernika-Lumoko Audience taldeak. Mistress Games izenburupean, zazpi abesti barri bildu ditu taldeak azken lan horretan. «Neurriz, lan ertaina izan arren, bere txikitasunean haundi» azaldu da Audience, beste behin: «eroso, handikerian txiki agertzetik urrundu nahian edo».
Gaur 11:00etan aurkeztu du Audiencek bere lan barria, Bilbon. 2013ko martxoaren 28tik apirilaren 1era Andoaingo Garate estudioan grabatu eta nahastu dute, Kaki Arkarazoren gidaritzapean. Diskoko When I Rule The Word abestia, ostera, estudio berean nahastu bazuten be, 2013ko urtarrilaren 5ean Oiartzunen grabatu zuten, Mikel eta Igor Eceizagaz.
Proiektu bat non hasi eta bukatzen den jakitea «hain erraza ez» dela diote gernikarrek; hori dela eta, bilaketa horri uko egiten diote, aspalditik. Horren ordez, «bidea egiten ikasi» dute. Hori horrela, «emaitzetara heldu beharrak dakarren larritasuna gaindituta, bidea bera ibiltzea da Audiencek aurrera jarraitzearen arrazoi bakarra».
Euskarri ezberdinetako bilduma
«Zerk bihurtzen ditu horren ezberdin binilo bat jartzea, sarean bideoz bideo aritzea edo kotxean irratia entzutea?». Galdera horri erantzuteko, Audiencen lan barriak euskarrien inguruko joko bat proposatzen du; hala, 7’’tako biniloa, CDa eta udatik aurrera eskuragarri izango den abesti bat deskargatzeko kodea biltzen ditu Mistress Games bildumak.