Solidaritatearen fruituak
GES (Gazte Ekintzaile Solidarioak) kooperazio proiektuan buru belarri aritu izan dira ikasturte honetan Bermeoko Eleizalde ikastolako DBH 4. mailako ikasleak. Kilometro 42 izena duen Birmaniar errefuxiatuen Tailandiako ikastetxe bati laguntzeko behar zituzten 750 euroak ondo baino hobeto lortu dituzte eta hortik gora be, jakinarazi dutenez, 1.200 inguru bildu baitituzte.
750 euro, beraz, Kilometro 42 ikastetxeari laguntzeko eta horien giza-beharrizanak asetzeko bidaliko dituzte. Gainontzekoa, ikasleen artean eztabaidatu ondoren, apirilaren 11n Alde zaharrean gertatutako sutearen ondorioz kaltetutakoei emotea erabaki dute. Proiektua burutzeko ipini zituzten helburuak lortu asmoz, ikasleek HELP (Herrialde Ezberdinak Laguntzeko Proiektua) elkartea sortu zuten. Elkarteak frontenis, futbol eta eskubaloiko torneoak antolatu ditu eta pultserak, giltzakiak, poltsak…egin eta saldu ditu proiekturako dirua atera asmoz. HELP elkarteko ordezkarien esanetan, «merkeak eta saldu ahal ziren gauzak egin ditugu». Ikastola Egunean, Arrain Azokan eta hainbat egunetan ikastolako idazkaritzan be mahaiak ipini dituzte materiala erakusteko eta saltzeko. «Polito» saldu dela esan dute, gainera. Hasiera batean martxa hartzea «apur bat kosta» zitzaiela adierazi dute ikasleek, «gauzak egin eta egin egoten ginen eta ez genuen etekinik ikusten, zorrak baino ez». Orain, barriz, lortutakoarekin «pozik» daudela diote. «Gure esfortzuak ordainsaria be izan du, izan be, ikastetxe haretako ikasleek bideoak bidali dizkigute eta ilusio handiz hartu ditugu», esan dute elkarteko ordezkariek. Eleizalde ikastolak GES kooperazio proiektuan parte hartzen duen bigarren urtea da. Iaz, 1.500 euro inguru lortu zituzten; 800 euro Hegoameriketako Ecuadorrera bidali zituzten, gainontzekoa egoera ekonomiko txarrean zegoen Lodosako ikastolara bideratu zuten. Datorren urtera begira, barriro parte hartzeko asmoa agertu dute. Hortaz, egun DBH 3. mailan dauden ikasleek hartuko dute lekukoa. Zozketako zenbaki sariduna DBH 3. mailako ikasleek egindako zozketako zenbaki irabazlea 765 da. Martitzena baino lehen agertu beharko da zenbaki horren arduraduna, bestela, eguaztenetik aurrera, 922 zenbakia duenak hartuko du saria. Bainuetxe batean egonaldia zozkatu dute.