Izaro Bikers Bermeoko motorzaleen elkarteak IV. Magurios Topaketak antolatu ditu astebururako. Aurten, gainera, familian etortzea bultzatu gura izan dute eta horretarako umeentzako hainbat jarduera be antolatu dituzte, lehenengoz.
![Zenbait moto iazko topaketan](http://busturialdea.hitza.eus/site/files/2013/06/III__MAGURIOS_TOPAKETAK-300x225.jpg)
Hainbat dira urtero kanpotik Bermeora hurbiltzen diren motorzaleeak eta horiek kanpatzeko aukera be izaten dute, bariku iluntzean zabalduko baitute kanpaldirako gunea. Topaketetan parte hartu gura duten motorzaleek, zapatuan bertan, 10:00etatik aurrera emon beharko dute izena 15 euro ordainduta. Prezio horren barruan bi egunetako otorduak sartzen dira, eta baita kanpaldia be.
Egitarauari dagokionez, moto irteera desberdinak, moto jokoak, kontzertuak…antolatu dituzte eta lehenegoz, aurten, umeentzako jokoak be izango dira zapatu goizean eta arratsaldean. Antolatzaileen esanetan, «hainbat ume hurbiltzen dira urtero eta horientzako zerbait prestatu behar genuen».
Elikagaien bilketa
Izaro Bikers eta Kate Sarea elkarteek, gainera, Espainiako Seginus, Legion eta HDC motorzaleen elkarteek sustatuko elikagaiak batzeko kanpainarekin bat egin dute. Jakinarazi dutenez, gura duenak elikagaiak eroan ahalko ditu asteburuan Pergolara. Batutako guztia, domekan, Bizkaiko elikagaien bankuaren eskuetan utziko dute.
ASTEBURURAKO EGITARAUA:
BARIKUA
20:00etan. Txosna eta kanpaldirako gunea irekiko dute.
ZAPATUA
10:00. Izena emoteko epea zabalduko dute.
11:00-14:00. Txikienentzako jokoak egingo dituzte.
14:30. Izena emon dutenentzako bazkaria.
16:00-18:00. Motoekin ibilbidea egingo dute. Umeentzako jokoak be izango dira tarte horretan.
18:00. Motorzaleentzako jokoak sariekin.
21:30. Izena emon dutenentzako afaria.
22:30-03:00. Kontzertuak.
23:30. Argi-zuziekin ibilbidea motoetan, herritik.
DOMEKA
08:00-08:30. Parte hartzaileek dutxatzeko aukera izango dute.
09:00. Izena emon dutenentzako gosaria.
11:00-12:30. Motoekin ibilbidea egingo dute.
14:30. Bazkaria.