Udako ekintzetan parte ahalko dute ajangiztarrek
Bigarren urtez, Ajangizko umeek udako ekintzez gozatzeko aukera izango dute uztailean zehar.
Hain zuzen, uztailaren 1etik 26ra bitartean gauzatuko dituzte kultur etxeko II. Uda ekintzak. Udalak jakinarazi duenez, 4 urtetik 16 urtera bitarteko ume eta gaztetxoek parte hartu ahal izango dute horietan. Horretarako, baina, izena emon beharko dute ekainaren 26a baino lehen, kultur etxean edota udaletxean.
Eskulanak, sukaldaritza, jolasak, irteerak… egingo dituzte, aipatu egunetan, 10:30etik 13:30era. Eguraldiaren arabera, ekintzetan aldaketak egon ahalko dira; dena den, hala izanez gero, aurretiaz jakinaraziko zaie parte hartzaileei. Antolatzaileek irteeretarako gurasoen laguntza eskertuko luketeela jakinarazi dute.
Udako ekintzen prezioa aste kopuruaren araberakoa izango dela azaldu du Ajangizko Udalak. Hala, astebetegatik 5 euro ordaindu beharko ditu parte hartzaileak; aste bigatik 9 euro: hiru astegatik 13 euro, eta lau astegatik 17 euro.
Egitaraua
Astelehena eta eguena. Eskulanak. Zeramika tailerra. Buztina landuko dute.
Martitzena. Sukaldaritza. Umeek eurek erosi eta prestatutako bazkari goxoa jateko aukera izango dute.
Eguaztena. Jolasak. Antzinekoak eta egungoak.
Barikua. Irteera eguna. Ibilbide errazak eginez, ingurua ezagutuko dute.