![Allende Salazarreko guraso elkarteko ordezkariak Accesita jasotzen](http://busturialdea.hitza.eus/site/files/2013/06/Allende-Salazar_t-300x229.jpg)
Allende Salazarreko guraso elkarteko ordezkariak Accesita jasotzen
Elikadura osasuntsua bultzatzeagatik Accesita hartu du Allende Salazarreko guraso elkarteak. Ekainaren 2an Murgian egin zuten eskola publikoaren jaian egin zien aitortza Euskal Herriko Guraso Elkarteen Federazioak. Eskolarako landutako proiektua jarduera onen lehiaketara aurkeztea erabaki zuten gurasoek; 47 proeiktu izan dira guztira, eta bostek hartu dute Accesita.
Allende Salazarreko guraso elkarteko idazkari Leire Etxebarriak eta Iratxe Amezua presidenteak hartu zuten aitortza. Azken horrek azaldu duenez, pozik dira Accesita lortu dutelako, “baina guretzako garrantzitsuagoa da eskolako ikasle eta gurasoek kontzientzia hartzea”.
Haur hezkuntzan ez ezik, Lehen Hezkuntzatik aurerra be hamaiketako osasuntsua egitearen garrantziaz ohartarazi gura du gurasoen elkarteak; izan be, lehen hezkuntzatik gorako umeek zeinek bere hamaiketakoa eroaten du etxetik. Hala, gozoen ordez fruta edota ogitartekoa jatearen aldeko apustua sendotu gura dute gurasoek.