20 lagunek izena emonda zuten Haitz Nagusije auzo elkarteak antolatzen duen azoka txikian parte hartzeko, halanda guztiz be, euriagatik horietako zenbaitek ez zuten salmahaiak ipini. Antolatzaileen esanetan, 12 salmahai inguru izan ziren zapatuan Goiko Plazan egin zuten azokan. Egon zirenak “gustora” egon zirela aipatu dute, eta bertara hurbildutako herritarrak be “nahikotsu” izan zirela diote.
Euriagatik, Goiko Plazako aterpeak erabili zituzten salmahaiak ipintzeko. Horrela, Santa Maria elizaren eta udaletxearen aterpeak erabili zituzten, hain zuzen be. Ohi legez, hainbat izan ziren bertan eskuratu ahal izan ziren gauzak: arropak, jostailuak, jokoak, liburuak, diskoak…artisau-lanek be gero eta leku handiagoa dute Haitz Nagusijek antolatzen dituen azoketan. Izan be, zenbait herritarrek eskuz egiten dituzten lanak erakusteko eta saltzeko aukera aurkitzen dute horretan.
Alde Zaharreko auzo elkarteak antolatuko duen hurrengo jarduera uztailaren 21ean, madalen bezperan, izango da. Urtero legez, Alde Zaharreko auzokideak biltzen dira egun horretan elkarrekin bazkaltzeko.