Gaurtik domekara bitartean, Haritz Orbe (Euskadi) txirrindulari gernikarrak Ronde de l,Oise (Frantzia) itzulia lehiatuko du. Guztira lau etapa izango ditu itzuliak.
Ronde de l’Isard-eko (Frantzia) eta Girondeko (Frantzia) itzulietan emaitza onak lortuta, etapa garaipen bat lortzeko helburuagaz doa Euskadi taldea Frantziara. Jon Larrinaga, Unai Iparraguirre, Aritz Bagües, Mikel Iturria, Haritz Orbek eta Illart Zuazubiskar txirrindulariek osatuko dute Euskadi taldea.
Aritz Arberas taldeko zuzendariak azaldu duenez, Ronde de l’Oise lasterketa gogorra izango da. Izan be, aldapa askoko ibilbideari egin beharko diote aurre txirrindulariek. Halanda be, momentu onean daudela eta, etapa bat irabazteko gaitasuna dutela deritzo zuzendariak.
Txirrindularitza zaleek
www.directvelo.com webgunean jarraitu ditzakete itzuliko etapak, 16:00etatik aurrera.
Orbe bigarren Ronde de l’Isard-en
Haritz Orbe gernikarra be sasoiko helduko da asteburuko zitara. Ronde de l’Isard lasterketan, esaterako, hiru etapa amaitu zituen lehen bost sailkatuen artean. Lehen bi etapetan bigarren amaitu zuen, eta azken etapan, bestalde, bosgarren. Hala, erregulartasunaren saria irabazi zuen gernikarrak.
Asteburuan denboraldiko lehen garaipena lortzeko beste aukera bat izango du.