Iazko Ariatzatik Ariatzara mendi martxaren momentu bat
Zapatuan Urdaibaiko Mendi Lasterketa Kopako hirugarren proba jokatuko dute mendizaleek, Muxikan. Hain zuzen, Ariatzatik Ariatzara mendi martxaren ibilbideari egin beharko diote aurre inguruko mendizaleek. Kopako gainontzeko lasterketetan bezala, mendi martxa egiteko aukera be izango dute kirolariek.
Mendizaleek ia 20 kilometroko ibilbidea burutu beharko dute, eta bidean hiru mendate igo beharko dituzte: Okolomendi, Askari eta Arburu. Aldaparik luzeena Aburukoa izango da. Izan be, 552 metrora dago mendi tontorra.
Lasterketa zein mendi martxa Ariatzan hasi eta amaituko dira. Guztira 2000 metroko desnibel metatuari egin beharko diote parte hartzaileek.
Aldez aurretik izena emoteko epea zarratu egin dute dagoeneko, baina probaren egunean be, apuntatzeko aukera izango dute interesatuek. Proba hasi baino ordu erdi lehenago zabalduko dute izen emotea. Probaren egunean izena emoten dutenek 15 euro ordaindu beharko dituzte. Martxa 08:30ean hasiko da eta lasterketa 09:30ean.
Imanol Goñi eta Marta Garcia sailkapenaren buruan
Bi lasterketa jokatuta, Imanol Goñi eta Marta Garcia daude sailkapenaren buruan. Gizonezkoen podiuma Aitor Uriartek eta Joanes Goitisolok osatzen dute. Emakumezkoei dagokionez, bestalde, Eva Pozuelo da bigarren sailkatua eta Inma Ruiz hirugarrena.