2014ko Ibilaldiaren irudia eta leloa aurkeztuko ditu gaur Seber Altube ikastolak
2014ko Ibilaldiak gaur hasiko du ibilbidea. Hain zuzen, datorren urtean Gernika-Lumon ospatuko den Ibilaldiaren aurkezpena egingo du Seber Altube ikastolak, 19:00etatik aurrera. Ikastola horrek joan den maiatzaren 26an jaso zuen Ibilaldiaren testigua, Portugaleten. Hala, gernikar guztiekin batera ospatu gura dute ikastolak daukala dagoeneko lekukoa.
Gernika-Lumoko Ibilaldiaren irudia eta leloa ezagutaraziko dituzte Ikastolako ordezkariek lehen ekitaldian. Gaur arte sekretupean gorde dituzte, eta, horrenbestez, gernikarrek lehen eskutik jakingo dute zeintzuk izango diren datorren urteko irudia eta lema.
Ibilaldiaren irudia sortzeko, esaterako, ikastolak tailer bat antolatu zuen bere garaian. Tailerrean ikasleek parte hartu zuten, hainbat zirriborro eginez. Ostean, bestalde, ikastetxeko kide guztien artean aukeratu zuten logotiporik egokiena. Seber Altube ikastolako arduradunek jakinarazi dutenez, irudiaren sortze prozesua «esperientzia oso aberasgarria» izan zen.
Gaurko aurkezpenean jai giroa nagusituko dela nabarmendu dute antolatzaileek. Ekitaldi nagusia, esaterako, Merkatu plazan egingo dute, 19:30ean, Josu Goikoetxearen eta Amaia Uriberen gidaritzapean. Udaletxe aurrera heldu aurretik, baina, herriko kaleak zeharkatuko dituztela jakinarazi dute Seber Altube ikastolako kideek.
Nabarmendu dutenez, hiru kalejira aterako dira herriko hiru leku desbardinetik. Hala eginez «jaia herri osora zabaldu» gura dute 2014ko Ibilaldiaren antolatzaileek. Kalejirak 19:00etan hasiko dira, eta San Kristobal plazatik, Astratik eta San Juan Ibarra plazatik aterako dira. Merkurio aurrean batuko dira hiru zutabeak, elkarrekin Merkatu plazarainoko bidea egiteko.
Kalejirek musikaren laguntzagaz egingo dute Foru plazarainoko ibilbidea. Besteak beste, buruhandiek, erraldoiek, gaitariek, txistulariek, trikitilariek, txalapartariek, bertsolariek, dantzariek eta graffitigileek parte hartuko dute Ibilaldiaren aurkezpen jaian.