Urrian hasita, Batasuna auzian epaituko dituzte Karmelo Landa eta Jon Martinez
Baltasar Garzon epaileak 2002an hasitako Batasuna auzian epaituko dituzte Karmelo Landa eatarra eta Jon Martinez Sukarrietako bizilaguna, urritik aurrera. Guztira, ezker abertzaleko 40 kide epaituko ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Fiskalak hamar urteko kartzela zigorra eskatuko du Karmelo Landarentzat; eta zigor eskaera bera egingo du beste hemeretzi akusaturentzat be; tartean, Isabel Mandiola markinarrarentzat. Jon Martinezek, berriz, zortzi urteko zigor esakera du. Zigor eskaerarik handienak Arnaldo Otegirentzat, Joseba Permachentzat eta Rufi Etxebarriarentzat egin ditu fiskalak: 12 urteko zigorra bakoitzarentzat. ETAko kide izatea egozten die Auzitegi Nazionalak auzipetuei. Zehazki, herriko tabernen bitartez ETA finantzatzea.
Ezker abertzaleko 40 kide ez ezik, 110 elkarteren arduradun zibilak be auzipetu eta deklaratzera deitu ditu Auzitegi Nazionalak. 11 urte dira Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak herriko tabernen auzia abiatu zuela. 11 lagun atxilotu eta hamar espetxeratu zituen 2002an. ainera, bost enpresa, herriko taberna bat eta etxebizitza bat miatu zituen Espainiako Poliziak. «ETAren udaletxe proiektuaren barruan» kokatu zituen Baltasar Garzon epaileak Herri Batasuna eta Batasuna; «ETAren enpresa handi bat» zela esan zuen, eta herrikoak kontrolatzen zituela. Herriko tabernen kontuak blokeatu eta jabetzak enbargatu zituen. Taberna horiek Batasunaren menpe zeudela esan zuen «politikoki, ekonomikoki eta antolakuntzari dagokionez». Halanda be, auzipeturen batek ere ez du indarkeriazko deliturik beregain.