Umeak jolasean Astra barruan
Txiki Asanbladako gurasoek antolatuta, Gernika-Lumoko umeak Astrako Txiki Jaian batuko dira zapatuan. Antolatzaileek azaldu dutenez, “ikasturteari amaiera emoteko jai eguna izango da zapatukoa”. Izan be, udako oporralditik bueltan hasiko dira lanean, barriro be, gazteenen parte hartze prozesua sendotzeko. Gurasoen berbetan, Txiki Asanbladaren helburua, “gazteenentzako gune parte hartzaile bat sortzea, Astraren filosofiagaz bat eginez”. Taldeko gurasoek nabarmendu dutenez, “gaur egungo gizartean ez zaie berbarik emoten umeei”, eta joera hori aldatu gura dute.
Txiki Jaiari 17:00etan emongo diote hasiera. Hain zuzen, “gune desbardinak” izango dira Astran, umeek ondo pasa dezaten. Besteak beste, eskulanak, karaokea, jolas kooperatiboak, ur jolasak, ortu azuzolanak eta txokolate jana antolatu dituzte.
Antolatzaileen berbetan, umeen parte hartze prozesuaren gaia kalera ateratzea, eta alkarregaz ondo pasatzea dira jai egunaren helburuak. Hala, umeei zein gurasoei parte hartzeko deia egin diete Txiki Asanbladakoek.
Bestalde, zozketak be egingo dituzte zapatuan. Txiki Asanbladako sustatzaileek diotenez, azkenaldian zozketa txartelak saltzen ibili dira. Batutako diruagaz umeentzako altzari barriak eta material egokiagoak erosiko dituzte.