Euskararen plan estrategikoa diseinatuko du Foruko Udalak
Horretarako, lankidetza hitzarmena sinatu barri du Ahize-AEK Euskaraz Kooperatiba Elkartearekin. Elkarlanean euskararen ezagutzaren eta erabileraren diagnostikoa osatuko dute, ondoren, plan estrategikoaren diseinua egiteko.
Udaletik azaldu dutenaren arabera, «euskararen plan estrategikoak lehentasunezko helburuak eta eragin eremuak identifikatuko ditu, hizkuntza politikako neurriak erabakiko dira eta horiek aplikatu, euskaraz bizi gura duten herritarrei horretarako aukerak eta bermeak eskaini ahal izateko». Hori guztia egin ahal izateko Foruko Udalak Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzaren laguntza izango du. Horiek lagunduko diote udalari euskararen Aholku Batzorde parte hartzailea osatzen eta dinamizatzen, baita be idazkaritza teknikoaren zereginetan.
Foruarren euskararen ezagutza zein den aztertuko du lehendabizi, baita zeintzu eremutan erabiltzen duten be. Foruko datu soziolinguistikoak bilduko dituztela azaldu dute eta herriko eragileei galdeketa bat egingo diote, «telefonoz edo mailez», diote. Datuak bilduta, txostenak egingo dituzte eremu desbardinak aipatuta: familia bidezko transmisioa, irakaskuntza, euskalduntze-alfabetatze… Gainera, esanguratsuak diren beste erakundeetako eta eskualdeko udalerrietako dokumentuak aztertuko dituzte informazio osagarria jasotzeko.
Osatuko duten Aholku Batzordea, barriz, herriko eragileekin eratuko dutela aipatu dute, eta plana diseinatzeko garrantzitsuak izan daitezkeen beste zenbait lagun be batuko dira. Aholku Batzordea hiru aldiz batu beharko dela zehaztu dute; diagnostikoa egin, plan estrategikoa diseinatu eta garatu eta urteko lehentasunak finkatzea izango da Batzordean biltzen direnek egin beharreko lana. Ondoren, bileretan adostutakoarekin txostenak idatziko dituzte.