Aurten be, udalekuetan pate hartu ahalko dute Gautegiz Arteagako ume eta gazteek
Beste urtebetez, uztailerako udalekuak antolatu ditu Gautegiz Arteagako Udalak, Busturialdea Team. Gazte Erreserbaren laguntzagaz. Hain zuzen, uztailaren 1etik 12ra izango dute herriko gaztetxoenek bertako ekintzez gozatzeko aukera. Horretarako, baina, interesa dutenek izena emon beharko dute Aretxederreta Kultur Etxean edota udaletxean bertan, ekainaren 12a baino lehen.
Udalak jakinarazi duenez, 4 eta 8 urte bitarteko umeei zein 9 eta 14 urteko gaztetxoei zuzendutako udalekuak izango dira.
Herriko umeen artean ingelesaren eta euskararen erabile sustatu asmoz, bertoko begirale bat eta atzerriko boluntarioak izango dira uztailaren lehen hamabostaldian. Hala, “udako oporraldiko aisialdiagaz gozatzeko eta modu dibertigarrian ikasteko aukera” izango dute udalekuetan parte hartzen dutenek.
Udalak azaldu duenez, astelehenetik barikura eta adinaren arabera sailkatuta egingo dituzte ekintzak. 4 eta 8 urte bitartekoek, esaterako, herriko hainbat gune erabiliko dituzte 10:00etatik 13:00etara; hala nola, Aretxederreta kultur etxea, frontoia eta parkea. Leku horietan, besteak beste, eskula tailerrak, mozorroak, ginkanak eta olinpiadak izango dituzte aukeran.
9 eta 14 urte bitarteko gaztetxoek, bestalde, Kortezubiko taldeagaz batera burutuko dituzte ekintzak, 10:00etatik 13:00etara. Horiek ingelesa erabiliz aire librean kirola egitea izango dute helburu: hala, bolley-ball, igeriketa, body-board edota badminton bezalako kirolak praktikatuko dituzte. Eguraldiaren arabera, hondartzan, mendian edo herrietako azpiegituretan garatuko dituzte ekintzok.