XII. Txistu Alardeak musikarekin disfrutatzeko aukera paregabea eskainiko du zapatuan, 20:00etan, Artza frontoian. Udalaren Musika Eskolak antolatzen duen jarduera horretan 100 musikari inguruk parte hartuko dute eta aurtengo gonbidatua Leire Gotxi abeslari bermeotarra izango da.
Asko dira Txistu Alardean parte hartuko dutenak: Bermeoko musika eskolako musikariak, Kankinkabara txistu taldeak, Bizkaiko musika eskoletako txistulariak, Ondarroako Metal taldeak, eta aurten lehenengoz, herriko txalapartariak eta irrintzilariak be parte hartuko dute. Gainera, urtero legez, Alkartasuna Dantza Taldekoek be dantza egingo dute.
Aurton, gainera, herriko musikarekin osatu gura izan dute Txistu Alardearen egitaraua. Horregatik, abeslari gonbidatua be bermeotarra izango da, Leire Gotxi gaztea, hain zuzen. Bere diskako
Iragana eta
Denbora abestiak bertsionatuko dituztela jakinarazi dute.
Bi obra aurkeztuko dituzte
Bermeoko musikari konpositoreak hartuko dute aurton protagonismoa: Jose Antonio Egia, Jose Antonio Erauzkin eta Jose Franco. Horrela, lehen aldiz entzun ahalko dira zapatuan Erauzkinen
Maritxu eta Francoren
Camino de Rosas lanak, txistu eta metalerako bertsioan. Erauzkinen Maritxu betiko biribilketa ezaguna da, musikariak, baina, betiko biribilketa beste melodia batzuekin adornatuta aurkezten du. Jakinarazi dutenez, “Erauzkinen lanaren parte handi bat erreta dago”. Aurtengo ikasturtean, halanda be, haren familiak etxean aurkitutako eskuizkribuz betetako kaxa bat utzi du Bermeoko Udalaren Musika Eskolaren esku, eta bertan aurkitutako partitura da zapatuan aurkeztuko dutena.
Bermeoko kantak be entzungo dira; musika eskolako koro txikiak eta kamara koruak
Koldobike eta
Gure Tala abestuko dituzte. Bestalde, Iban Ibarretxek egindako
Kankinbara kantua be estreinatuko da.