Urdaibaiko itsasadarra
Bihar Ingurumenaren mundu mailako eguna dela aprobetxatuz, Eusko Jaurlaritzak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zortzi gune natural, tartean, Gaztelugatxe eta Urdaibai. Zehazki, Gaztelugatxeko San Juanegaz batera, Urdaibaiko ibai-sarea, Urdaibaiko itsasertzak eta padurak eta Urdaibaiko artadi kantauriarrak sartu ditu Natura 2000 sarean. Kontserbazio Bereziko Eremu izendatutako gainontzeko guneak Aiako Harriak, Ulia, Jaizkibel eta Txingudi-Bidasoa dira. Halaber, Urdaibaiko itsasadarra eta Txingudiko badia Hegaztiak Babesteko Eremu Berezi (HBEB) izendatu ditu.
Gaur bertan hartu ditu Eusko Jaurlaritzak erabaki horiek, Busturiko Madariaga Dorretxeko Biodibertsitate Zentroan egindako batzarrean. Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez, “gure ekosistemak kontserbatzea sustatzen ari” da Eusko Jaurlaritza, “eta, horri esker, gure natura kapitala babesten eta berreskuratzen”.
Gobernu kontseiluko kideak, Busturiko Madariaga Dorretxean
Bide horretan, “Biodibertsitate eta Geodibertsitate Estrategia onartzeko lanean, BGLen mugak ezartzen, Natura 2000 Sarea kudeatzeko tresnak garatzen, korridore ekologikoen sarea amaitzen, gure espazioen arteko lotura hobetzen, espezie inbaditzaileen garapena geldiarazten, espezie mehatxatuak kontserbatzeko kudeaketa planetan aktiboki lan egiten eta Euskadiko bertako espezieentzako jarduera plan bat egiten” ari direla esan du lehendakariak.
Urkulluren esanetan, habitat naturalak eta basoko fauna eta flora kontserbatzeko Europako Erkidegoko hainbat zuzentarauk (Habitaten Zuzentaraua -Europako Parlamentua- eta Hegaztien Zuzentaraua) ezarritako atariko ikerketak eta lanak egin ondoren, Natura 2000 Sarea sortu dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. “Europako sare ekologiko horren helburua biodibertsitatea mantentzea da, Europar Batasunaren intereseko basoko fauna eta flora eta habitatak kontserbatzeko esparru komun bat zehaztuz”.
Europar Batasunaren intereseko habitatak eta espezieak zehaztu dituzte zuzentarau horiek, bai eta horiek lehenetsi ere. Madariaga Dorretxean egindako Gobernu Kontseiluan, beraz, habitat, espezie eta hegaztiak Kontserbatzeko 10 Eremu Berezi kudeatzeko adierazpena eta tresnak onartu ditu Jaurlaritzak.
Natura 2000 Sarea
Natura 2000 Sarea hiru lurraldeetan ezartzeko lehenengo pausoak 1997ko abenduaren 23an, 2000ko azaroaren 28an eta 2003ko ekainaren 10ean eman zituzten. Gobernu erabakien bidez, sei gune izendatu zituzten Hegaztiak Babesteko Eremu Berezi, eta 52 gune proposatu Garrantzi Komunitarioko Leku (GKL) gisa aitortzeko.
GKL horiek Europako Batzordera eraman zituzten, eta guztiak onartu ostean, GKL izendatu zituzten, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa barne hartzen duten Atlantikoko nahiz Mediterranioko eskualde biogeografikoen barruan. Europako Batzordearen erabakiok eguneratu ondoren, gaur egun Natura 2000 Sareak Euskadiko azaleraren % 20 baino gehiago hartzen du.
-
-
Gobernu kontseiluko kideak, Busturiko Madariaga Dorretxean
-
-
-
-