Eguenetik jai giroan murgilduta daude ibarrangelutarrak eta datozen egunetan be, modu beretsuan jarraitzeko asmoa dute. Orain arte, bertso txikiteoaz, kalejiraz, herri bazkariaz, dantzez, jolasez eta beste hainbatez gozatzeko aukera izan dute, baina oraindik be, asko dute ospatzeko.
Barikuan, esaterako, musika izango da nagusi: The Idems, Loon Vagos eta Crianza Clearwine Revival taldeen kontzertuak izango baitira. Zapatuan, bestalde, paella txapelketa izango da: 12:00etan emon beharko da izena, eta 14:00etan aurkeztu beharko dira paellak.
Aurreko urteetan lez, aurten be mendi martxa egingo dute jaien baitan. Hilaren 16an izango da hori. Martxa biren artean aukeratu ahalko du herritarrak egun horretan; batetik, ibilbide luzea egin ahal izango du, 22kmkoa; bestetik, ibilbide laburra, 8 kmkoa.
Guztiak abiatuko dira Elizaldeko plazatik, laburrekoak 09:30ean, eta luzekoak 08:30ean. Batean zein bestean parte hartu gura duenak izena emon beharko du 12 euro ordainduta, kultur etxean edo Elizalden egunean bertan (08:00etatik 08:30era).