Igaro da bertoko musikazaleen urteroko hitzordua: seigarren Rock&Rallyak 1.200 bat lagun bildu ditu, Gernika-Lumoko Pasealekuan.
Herrikoak, eskualdekoak zein Bizkai osokoak elkartu ziren zapatuan, musikaz girotutako festaz gozatzeko. Eguraldiak «nahiko ondo eutsita », sei musika talderen doinuak entzuteko eta ikusteko aukera izan zuten Pasealekura bertaratutakoek: hain justu, Sueder, Dientes de Luna, Memoria de Pez, Belako, Enkore eta Gatibu taldeak izan ziren taulagainean.
Musikaz, plaza betez
Gatibuk plaza betetzea lortu zuen, baina aurreko taldeek be «oso ondo» egin zutela aitortu dute antolatzaileek. Willis Drummond taldea Gernika-Lumon jotekoa bazen be, arazo pertsonalak tarteko ezin izan zuen kontzerturik emon; horregatik, Enkore taldeak bete zuen horien hutsunea. Antolatzaileen aldetik, «esker berezia» jaso dute, zapatuan bertan abisatu eta jotzeko prest agertzeagatik.
Bestalde, barrako turnoak, segurtasun neurriak… antolakuntzaren aldetik, oro har, «ondo» moldatu zirela uste dute Iparragirre Rock Elkartekoek.
Orain, seigarren edizioa igarota, zazpigarrena antolatzeko asmoa erakutsi du elkarteak. Izan be, herrian entsaiatzeko lokalak eskatzeko sortu bazen be, dagoeneko, urteroko hitzordu bilakatu da Rock&Rallya.