956.064 euroko aurrekontua onartu du Foruko Udalak
Foruko Udalak 2013. urterako udal aurrekontua onartu du. Jakinarazi dutenez, aurtengo aurrekontua iazkoa baino %13 murritzagoa izango da; 956.064 eurokoa izango da, hain zuzen be. «Proposamen orekatuan eta neurritsuan» oinarritutako aurrekontua dela adierazi dute udaletik, «gastuak eta inbertsioak eusteko irizpideak jarraituta».
«Egonkortasunaren printzipioan» oinarritutako udal aurrekontua planteatu du 2013. urterako Foruko Udalak, «krisi ekonomikoaren egoera zaila kontuan izanda, eta baita udalean dituzten baliabideen mugak eta zorpetze maila» kontuan izanik.
Hain zuzen be, 956.064 euroko aurrekontua onartu du udalak urteari aurre egiteko, iazkoa baino %13 murritzagoa. Halanda be, Foruko Udaletik azaldu dutenaren arabera, «aurtengo herstura ekonomikoak ez du suposatuko udalak herritarrei zerbitzuak eskaintzeko esfortzurik egingo ez duenik, ezta herriarentzako aurrekontuaren errentabilitate altuena lortzeko beharrezkoak diren kudeaketak burutuko ez dituztenik be».
Udalaren arabera, 2013ko aurrekontuan nabarmentzekoa da herriko familia behartsuenei eskaintzen zaien laguntza ekonomikoaren partidak gora egin duela, “egun bizi dugun egoera makala” kontuan izanda. Aurreko urtearekin alderatuta, partida hori %72 igo dute.
Onartu barri duten aurrekontuak, gainera, herriko kultur eta kirol elkarteentzako diru laguntzak mantentzen dituela jakinarazi dute. Modu horretan, talde horiek herrian egiten duten lana eskertu du udalak.
Bestalde, «kalitatezko kultur zerbitzuak eskaini eta Gernika-Lumoko kiroldegiko zerbitzuen bitartez osasun fisikoa zaintzeko aukera» emon gura diete herritarrei. Horregatik, Foruko Udalak Gernika-Lumon erroldatuta ez dauden erabiltzaileek kiroldegia zein musika eskola erabiltzeko ordaindu beharreko gehigarria ordaintzeko diru laguntzak mantenduko dituela azaldu du.