Terrorismoa goratzea leporatu dio Dignidad y Justiciak Gorroñori
Dignidad y Justicia elkarteak Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroño salatu du, Arnaldo Otegiri emondako Gernika Sariaren bitartez, ustez terrorismoa goratzea leporatuta.
Apirilaren 26an, Gernika Sariak banatu zituen udalak, bonbardaketaren 76. urteurrenaren harira. Hain zuzen, Otegi eta Jesus Egiguren aukeratu zituen epaimahaiak sari hori hartzeko. Hala, horien alabek hartu ziztuzten zegozkien sariak.
Hori horrela, Gorroñoren kontrakoa ez ezik, Gernika Sarietako epaimahaia osatu zuten «gainontzeko egilekide, konplize eta estaltzaileen aurkako kereila» be badela jakinarazi du elkarteak; izan be, horren ustez, Gernika Saria emoterakoan «oso ondo zekiten Otegi ETA talde armatuko kidea dela eta horregatik, Logroñoko (Errioxa) kartzelan dagoela».
«Halanda be, Otegi publikoki saritzea, goratzea eta omentzea erabaki zuten, udaleko webgunean azaltzen duten lez, Euskal Herrian bakea lortzeko egindako ekarpenagatik goraipatuz», azaldu du Dignidad y Justiciak.
Elkartearen eskaerak
Horregatik guztiagatik, elkarteak uste du, Otegiri saria emotearen alde agertu zirenak terrorismoa goratzearen eta justifikatzearen delituaren ustezko egileak direla. Hori dela eta, hainbat eginbideren praktika eskatzen du; besteak beste, Gorroñok deklaratu dezan, Gernika-Lumoko Udaleko prentsa zerbitzuak Gernika Sarietako bideoaren kopia bat aurkez dezan eta ertzainek gertatutakoaren inguruko txostena egin dezaten.
Horrez gain, lehiaketaren oinarriak eta emaitzen informazio osoa eskatu dizkio elkarteak Gernika-Lumoko kultur etxeari eta alkateari.
Bestalde, telebista kate publikoari egun horretan kaleratutako bideoaren kopia eta horregaz batera argitaratutako albistea eskatu dizkio.