Merkurio iturriaren inguruan bildu ziren gernikarrak, barikuan
Eraso Sexistei Stop! plataformak deituta, joan den astean Laudion jazotako erailketa salatu dute Gernika-Lumoko herritarrek, Merkurio iturrian bilduta. Ertzaintzak 49 gizoneko bat atxilotu zuen, bikotekidea labankadaz hiltzea leporatuta.
Busturialdeko herrietako datu ofizialak kontuan hartuz gero, 2013an bi emakume erasotu dituzte. Bi kasuetan, erasoak Gernika-Lumon gertatu ziren. Bata urtarrilaren 1ean, eta bestea hil honetan.
Urtarrilaren 1ean, esaterako, Ertzaintzak 19 urteko gizonezko bat atxilotu zuen, Iparragirre kalean emakume bat erasotu ostean. Erzaintzak jakinarazi zuenez, emakumea leku aldendu batera eramaten ahalegindu zen gizonezkoa, gorputzeko zenbait ataletan ukituak egiten zizkion bitartean. Neska bortxatzeko ahaleginean, arropak apurtzea lortu zuen atxilotuak.
Ertzaintzaren arabera, neskaren lagun bik lortu zuten bortxaketa geratzea. Antza danez, emakumea baino apur bat aurrerago zihoazen oihuak entzun zituztenean. Oihuak entzundakoan emakumea laguntzera joan ziren, eta Ertzaintza bertaratu arte aurre egin zioten atxilotuari.
Maiatzaren 16an, bestalde, 23 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak, emakumeen kontrako indarkeria egotzita. Ustez, herriko pub batean gertatu zen erasoa 01:50 inguruan. Ustez, gizonezkoak emakumea erasotu zuen bertan. Ertzaintzak gizonezkoa atxilotu zuen.