Krisia hasi zenetik gobernu ezberdinak ezartzen ari diren politikek krisian are gehiago sakontzea ekarri dutela iritzita, euskal sindikatuen gehiengoak maiatzaren 30erako deitutako greba orokorragaz bat egingo dute bertokoek. Hala, hainbat izango dira, egun horren harira, eskualdeotan egingo dituzten ekimenak.
Eguenean zein asteko beste zenbait egunetan ekingo diote eskubide sozial zein laboralen aldeko borrokari bertoko langile zein herritarrek. Hala, besteak beste, Euskal Herriko instituzioei exijituko diete Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten herritarren bizi-baldintzak lehenestea, banka eta multinazionalen gainetik.
Lea-Artibai eta Busturialdeko ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak «oso pozik» agertu dira, grebaren lanketa «oso arrakastatsua» izaten ari baita: «lantegietan zein herrietan».
Esaterako, greba asanbladak egin dira eskualdeotako bost herritan (Bermeon, Gernika-Lumon, Markina-Xemeinen, Lekeition eta Ondarroan), eta azaldu dutenez, oso positiboak izan dira bai parte hartze aldetik, zein edukin aldetik. Asanbladez gain, beste hainbat ekimen be burutu dituztela esan dute sindikatuko ordezkariek.
Greba lanketak izan duen arrakasta ikusita, beraz, «baikor» daude sindikatuak; hala, grebak harrera ona izango duela uste dute. Greba egiteko arrazoiak, behintzat, egon badaudela azaldu dute: «Krisi ekonomikoa hasi zenetik, etengabe murrizketak egiten dabiltza, eta horren errurik ez dute ez langileek ez herritarrek; eurek ez baitute krisi hori sortu»
Kalera ateratzea ezinbestekoa
Horregatik, uste dute kalera ateratzea besterik ez duela Euskal Herriak, egoera larriari aurre eginez, mobilizazioen bitartez. «Duintasunagatik baino ez bada be, kalera atera behar da, txarto pasatzen ari diren horiei babesa emonez», azpimarratu dute. Gainera, egunerokotasuneko borrokagatik ez balitz, egoera «askoz txarragoa» izango litzatekela argi utzi dute sindikatuek.
Horregatik eta eskubide sozial eta laboralak aldarrikatze asmoz, greban parte hartzeko deia egin die herritar guztiei.
Dena den, maiatzaren 31n ez dela langileen borroka amaituko argi utzi dute; hala, etorkizunerako Euskal Herriko Eskubide Sozialen gutuna prestatzen hasi beharra dagoela azaldu dute, «lan baldintza duinak izateko, eta bizi kalitate hobea izateko». Orain arte, esaterako, borrokaren bitartez, gobernuen murrizketa eta inposaketak atzeratzea lortu dela gogorarazi dute. Azken finean, greba orokorrak «indarrak bildu, borrokatu eta Euskal Herriarentzako aternatiba eraikitzeko prozesuaren bultzada izan behar duela» uste dute sindikatuek.
Bestalde, Lekeitioko sindikatu eta gizarte eragile ezberdinek be, grebagaz bat egingo dute etzi; baina egun hori ailegatu orduko be, hainbat izango dira herrian egingo dituzten aldarrikapenak, Euskal Herrirako eta Lekeitiorako eredu propio baten alde lelopean. Hala, aste guztiko ekimenen bitartez, «sistema kapitalistaren salaketa nahiz alternatiba eredu justu eta propio baten aldeko borroka iraunkor baten beharrizana» mahaigaineratuko dute.
Bermeoko Udalak, bere aldetik, LABeko atal sindikalaren proposamena onartu du, eta, hala, maiatzaren 30ean greba egingo duten langileei egingo zaien diru-kenketa gizarte emergentziatara bideratuko du.
Aulesti
Maiatzak 30.
– 10:30ean, Herri asanblada, plazan.
– 12:00etan, Markina-Xemeingo manifestaziorako deia egin dute.
– 18:00etan, elkarretaratzea, plazan.
Bermeo
Maiatzak 30.
– 05:30ean, pikete taldea Lameran batuko da.
– 09:00etan, Manifestazioa, Goiko Plazatik hasita. Ostean, Bilboko manifestaziora joango dira.
– 17:30ean, Manifestazioa, Goiko Plazatik hasita.
Busturia
Maiatzak 30. 10:00etan, San Kristobaletik kotxe karabana.
Gernika-lumo
Maiatzak 28.
-10:00etan, kotxe karabana egingo dute Santanako aparkalekutik hasita.
Maiatzak 30.
– 07:00etan, pikete taldea LIDL supermerkatuan batuko da.
– 09:30ean, Manifestazioa, Merkuriotik hasita. Ostean, Bilboko manifestaziora doaz.
– 18:30ean, Manifestazioa, Merkuriotik hasita.
Lekeitio
Maiatzak 28.
– 19:30ean, elkarretaratzea Eskolapen, banketxearen aurrean.
Maiatzak 29.
– 19:30ean, kotxe karabana Mandaskatik hasita.
– 22:00etatik 22:10era, Burrundada balkoi eta leihoetatik.
Maiatzak 30.
– 08:00etan, pikete taldea Eskolapen batuko da.
– 09:30ean, manifestazioa Eskolapetik hasita. Ostean, Bilboko manifestaziora joango dira
– 16:30ean, Kafe tertulia, Eskolapean.
– 18:30ean, Manifestazioa Eskolapen.
Maiatzak 31. Mobilizazioak murrizketen kontra, osasungintzan eta hezkuntzan.
Markina-xemein
Maiatzak 30.
– 08:00etan, pikete taldea Arkupean batuko da. Ostean, Bilboko manifestaziora jdoaz
– 18:30ean, Manifestazioa, Arkupetik hasita.
Mutriku
Maiatzak 29. 19:00etan, manifestazio zaratatsua herrian zehar, Goiko plazan hasita.
Maiatzak 30. 09:00etan, manifestazioa egingo dute; ostean, Donostiako manifestaziora joango dira bertatik.
Ondarroa
Maiatzak 28. 09:30ean, Kotxe karabana, Ibaiondo kaletik hasita.
Maiatzak 29. 13:00etan, elkarretaratzea Alamedan.
Maiatzak 30.
– 10:00etan, mobilizazioa Alamedan, eta, ostean, Bilboko manifestaziora joango dira bertatik.
– 18:00etan, mobilizazioa Alamedan.