Arrain Azokak ez du hutsik egiten. Beste behin be, hainbat izan dira azokara hurbildu diren herritarrak eta haren inguruan antolatutako jardueretan parte hartu dutenak be. Herritarrez gain, inguruko herrietatik etorritakoak be animatu dira. Arrantza eta itsasoaren mundua zabaltzea, sasoiko produktuen kontsumoaren garrantzia nabarmentzea eta kontserba industria bultzatzea ziren aurtengo Arrain Azokaren hiru helburu nagusiak eta horiek «bete» egin direla uste du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek. Parte hartzea zein salmentak «arrakastatsuak» izan direla aipatu du. Enpresen %90ak salmenta aurreikuspenak bete dituztela azaldu dute,«krisi ekonomikoak espero baino gutxiago eragin duela», nabarmenduta.
Sasoian sasoiko arrainak kontsumitzearen garrantzia nabarmendu gura izan du XIX. Arrain Azokak. Hori dela eta, lehenengoz, arrain freskoa eta sasoikoa erosteko aukera eskaini du arrandegi ibiltari batek, eta jendez beteta bili da asteburu osoan. Batzuek arrandegian erositako arraina etxera eroan zuten, beste batzuek, barriz, ondoan zegoen jantoki-karpan prestatuta jan zuten. Bestalde, aurton estreinakoz baita be, sardinak eta atuna eskaintzen zuen txosna bat ipini dute, eta «harrera bikaina» izan duela jakinarazi dute.
Azoka hutsa baino gehiago da Arrain Azoka; izan be, arrantza eta itsasoaren mundua zabaltzea helburu izanik, hainbat ekimen antolatzen dituzte. Arrain salmenten simulazioek «arrakasta handia» izan dute barriro. Bidegurenen esanetan, «salmenta itxurak egin aurretik, Kofradi zaharreko sirena hotsa entzuteak, antzinako portuko girora itzultzeko aukera emoten digu». Azokan bertan, sareginen lana egiteko modua ezagutzeko aukera be badago, baita korapiloak eta arrantzarako tresnak egiten ikasteko aukera be, arrantzale oihak ibiltzen baitira horretan. Kuxkexean ibiltzen diren bisitari askok, tartetsu bat izaten dute horiek zelan lan egiten duten ikusteko, eta harrera «oso ona» izan duela aipatu dute udaletik.
Ilarak latie emongotzut jokoan parte hartzeko
Barritasunen artean, Bermeoko kontserbak bultzatu asmoz egin duten Latie emongotsut inkesta-jolasa egon da. Herriko kontserberetan egiten dituzten produktuak dastatzeko aukera izan zuten parte hartzaileek, ondoren horiekin erlazionatutako hiru berba esateko. Ilara luzea izan zen Lameran joko horretan parte hartzeko. Kontserberen logoa izango dena be aurkeztu dute, 87 proposamenen artean Iraia Ladislao gernikarrarena hautatu dute.
Arrain Azoka aprobetxatuta plazak bete ekimena egin zuen Herrirak zapatuan. 2 eurotan saldu zituzten antxoa pintxoa eta edaria. Ekimen erraldoia be egin zuten. Etxera berba irudikatu baitzuten bertaratutakoek.
Kontserben logo barria eta Hegaluze Saria
Barikuan, 11:00etan zabaldu zituzten Arrain Azokan parte hartu duten 20 salmahaiak. Halanda guztiz be, 13:00etan izan zen hasiera ofiziala. Kasino inguruan bildu ziren XIX. Arrain Azokari hasiera emoteko. Ekitaldi horretan, Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak, Leandro Azkue Arrantza eta Akuikultura zuzendariak eta Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak parte hartu zuten, besteren artean.
Bermeoko alkateak itsasoak Bermeon duen eragina nabarmendu du azokaren inaugurazio ekitaldian: “Euskal Herriko 369 itsasontzietatik 63 Bermeon daude eta Euskal Herriko arrantzale guztien %30ek Bermeon lan egiten dute”. Beste behin be arrantza sektorearen aldeko apustua berretsi du Bidegurenek, garrantzitsua da bere ustez “industria agroalimentario barri bat sortzea, eta elikadura kultura barri baterantz joatea”. Hori dela eta, sasoian sasoiko arrainak kontsumitzearen garrantzia aipatu du barriro, “gure elikadura zaintzeko aproposa delako, arrainen zikloa errespetatzen delako eta gure baxurako arrantzaleen alde lan egiten dugulako”.
Hori baino lehen, 11:30ean Nestor Basterretxea aretoan AZTIk hitzaldi bat emon zuen; izan be, aurton profesionalizazioaren aldeko apustua egin dutela adierazi zuen Bermeoko alkateak azokaren aurkezpenean. Hortaz, hitzaldi horretan, arrantza sektorean oinarrituta dauden barritasunei buruz aritu dira.
Beranduago, 12:30ean, Hegaluze Saria emoteko ekitaldia egin zuten. Herri Babeseko zenbait boluntariok jaso zuten saria.
Mikel Bilbao Gandarias Herri Babesako boluntariak senideen eta lagunen pazientzia eskertu zuen saria hartzerakoan:
Ekitaldi horretan, gainera, kontserba enpresek aurrerantzean beraien irudia izango den logotipoaren aurkezpena egin zuten, Iraia Ladislao gernikarrak egindakoa. Zehaztu dutenez, Euskal Herri osotik bidalitako 87 proposamen aurkeztu dituzte logotipo lehiaketara. Logoa hasi dira jada Arrain Azokan erabiltzen.Pack solidarioakBermeoko kontserberek prestatutako sorta solidarioak be erosi ahal izan dira aurtengo Arrain Azokan. 15 eurotan saldu dituzte, eta horien salmentatik bildutako dirua Bermeoko alde zaharreko sutean kaltetuta izan ziren familientzat izango da. Jakinarazi dutenez ia sorta guztiak saldu dituzte.
Bizkaiko kontserba enpresetako beharginek protesta egin zuten barikuan, Arrain Azokaren hitzordua aprobetxatuta. Hitzarmen duin bat aldarrikatzeko elkarretaratzea egin zuten, Lameran bertan.
Dakarreko Kanpainak liburuaren aurkezpena
Bariku arratsaldean, Jose Maria Ferarios Lazaro AZTIko teknikariak idatzi duen Dakarreko Kanpainak liburua aurkeztu zuten Nestor Basterretxea aretoan. Idazleaz gain, Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordea eta ANABAC eta OPAGAC erakundeetako eta Bermeoko Kofradiako ordezkariak bertaratu ziren, besteak beste.
Dakarreko Kanpainak liburuak Afrikan atunaren arrantzan aitzindari izan ziren zenbait lagunen lekukotasunak jasotzen ditu. Hain zuzen be, 1956 eta 1965 urteen artean egin ziren bederatzi kanpaina nagusiak eta argitalpenak horien barri emoten du. Liburua, Ferariosek hainbat urtetan egindako dokumentazi lanaren emaitza da.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.