Urteetan Bermeon eta Bermeorengandik egindako lana aintzatetsiko du aurtongo Hegaluze Sariak. Bermeoko Herri Babesari emotea erabaki dute epaimahaikideek, «horien ibilbideagatik eta taldea osatzen dutenek egiten duten lan boluntario eta isilagatik». 1983. urteko uholdeen ostean sortu zen Bermeoko Herri Babesa eta ordutik hona hainbat herritar izan dira boluntario lanak egiten. Horietako hiruk bakarrik jarraitu dute egun arte, Mikel Bilbao Gandarias (Mundaka, 1947) da horietako bat. Bera izango da gainera, bihar 12:30ean saria hartuko duena, Nestor Basterretxea aretoan egingo duten ekitaldian.
Mikel Bilbao Gandarias
Poza emoten du Hegaluze saria jasotzeak?
Ilusioa emoten du, hainbeste urtetan egindako lanaren aintzatespena delako.
Noiz eratu zineten?
1983. urteko uholdeen ostean hasi ginen lanean, hainbat lagun ginen orduan.
Erraza izaten al da boluntarioak batzea?
Zikloak daude, hainbat lagun egon dira taldean. Jende falta zegoela orain dela gutxi deialdia egin zen barriro eta hamaika lagun inguruk emon zuten izena. Horietako batzuk bizpahiru aldiz etorri eta ez dira gehiago bueltatu. Azken finean, borondatezko lana da eta denbora behar da. Lana ezin da albo batera utzi honetarako, nik neuk zaletasun modura hartzen dut, eta orain denbora daukat, gainera.
Gauza zailak ditu Herri Babesan boluntario ibiltzeak?
Zailena, goizaldeko 04:00etan zerbait gertatu dela esaten deitzen dizuetenean izaten da (barreska). Egiten dugun lana ez da zaila, borondatea behar da eta egiten dena gogoz egitea, besterik ez.
Elkarrizketa osoa biharko Hitzan irakurtzeko aukera izango da.