2012. urtean 18 saltoki zabaldu dituzte Bermeon eta Gernika-Lumon
Krisi ekonomikoak gizartearen esparru guztiak gogor kolpatu dituen arren, badira negozio barriak zabaltzeko beldurra uxatu eta bide barriak jorratzearen alde egin dutenak. Busturialdean, esaterako, 2012. urtean 18 saltoki barri zabaldu zituzten; zehazki, hamabi ireki zituzten Gernika-Lumon, eta sei Bermeon. Txanponaren beste aldean daude pertsiana behin betiko zarratu behar izan dutenak; Bermeon eta Gernika-Lumon, hiruna komertzio.
Zabaldutako negozioen kopuruari erreparatuta, beraz, enpresa txikientzat 2012a «hain txarra ez» dela izan esaten duenik bada; Gernika-Lumoko Merkatarien Elkartea, kasurako. Elkarte horretako kudeatzaile Naira Iturberen esanetan, gaur egun gertutasuna balioesten du bezeroak. «Krisirik ez zegoenean, herriko bezeroak edonora joaten ziren erosketak egitera, baina gaur egun balio handiagoa emoten diote bertoko merkataritzari». Joera horren atzean ohituren aldaketa dagoela deritzo Iturbek, merkatal zentroetara jo beharrean herriko saltokiak hautatzen dituztelako herritarrek. Gainera, haren arabera, «denda askok aukeratu dute Gernika-Lumo euren bizimodua aurrera ateratzeko plaza gisa».
Produktu onenak
Iturberen arabera, bestalde, elikadura sektoreko establezimenduak izan dira kontsumo ohituren aldaketa gehien nabaritu dutenak. Izan be, lehen merkakal zentroetan astebeteko erosketa egiteko ohitura zeukan herritarrak, eta, orain, ordea, egunean- egunean egiten ditu, denda txikien onurarako. «Bezero horien alde behar» egiten du merkatarien elkarteak; produktu onenak prezio onenean eskura ditzaten. Behar horren parte dira, esaterako, krisiari aurre egiteko abian jartzen dituzten kanpainak.
Gernika-Lumon, esaterako, Arraspatu eta irabazi kanpaina abiarazi zuten merkatariek 2012an, udaberri zein udazkenean bezeroek erosketa txartelak, deskontuak eta sari zuzenak lor zitzaten. Kanpainari esker, herritarra gehiago kontsumitzen hasi zela aitortu du Iturbek.
Baina aipatutakoa ez da Gernika-Lumon martxan jarri duten kanpaina bakarra, Gernika txartela be herritarren diru-zorroetan baitabil 2007. urteaz geroztik. Dagoeneko, 3.000 lagun baino gehiago dira txartelaren asteroko erabiltzaile. Bestalde, Gabonetan Bono Denda kanpainagaz bat egin zuten Gernika-Lumoko merkatariek. Bizkaia osoan zabaldu zuten kanpaina, 20.000 bono eskainita, eta horietatik 3.000 Gernika-Lumoko komertzioetan erabili zituzten.
Gauzak horrela, «esperantza handiz» hasi dute 2013. urtea Gernika-Lumoko dendari txikiek. «Gogor» dabiltza lanean, «krisialditik hainbat arinen ateratzeko». Hala, kanpaina barriak prestatzen dabiltza eta Gernika txartelaren katalogo barriagaz be ekinean dabiltza.
Bermeoko dendariak be «nahiko ondo» ari dira aurrera egiten, Bertonek azaldu duenez. Dena den, datozen urteetarako ezinegona aurreikusten duela dio txiki erdi enpresen elkarteak; «batez be, autonomoei dagokienez». Dendari txikientzako «munstroak» dira merkatal zentro handiak, Bertonen ustez. Izan be, «komertzio handi horiek ez dute konpetentziarik, eta prezio marjina handiekin jolas dezakete».
Oztopoz oztopo
Bestalde, Bermeoko elkarteak azaldu duenez, BEZaren igoerak ez ditu batere laguntzen denda txikiak. Dioenez, «geroz eta oztopo gehiago» jartzen dizkiete merkatuan lehiatzen jarraitzeko.
Traba horien aurrean bizirauteko, dendari txikiek estrategia jakin batzuk bilatzen dituztela aitortu du Bertonek; hala nola, espezialitatea, dibertsifikazioa eta jarduera-aniztasuna, berrikuntza teknologikoa, asoziazionismoa eta zerbitzuen garapena eta kalitatea.
Hala, negozio barri bat zabaldu gura duen dendariak estrategia horiek kontuan hartu behar ditu. «Berritu egin behar du, lehiatzen jakin eta ezberdina izan». Bermeotarrek negozio barriak zabaltzen jarraitzen dutela dio elkarteak, eta aurrerantzean be hala izatea gura du, «garrantzia handia» baitu herriko ekonomiarentzat.
Izan be, Bertonen ustez, merkataritzak bizia emoten die kaleei, eta, gainera, turismoa sustatzen du eta bezero eta saltzailearen arteko harremanak estutzen ditu. Alegia, saltokirik bako herria «hildako herria» dela deritzo Bermeoko elkarteak; «bizi bakoa, argi bakoa». Hori horrela, bai erosle zein saltzaileak egoeraz jabetu behar direla dio, eta horren aurrean neurriak hartu behar dituztela. Saltzaileak, bere aldetik, barritu egin behar du; teknologia barrietara eta saltzeko modu barrietara egokituz, besteak beste. Erosleak, ostera, dendari txikien ahalegina aitortu eta kontuan izan behar du.