San Pedro jaiak iragarriko dituen kartel bila ari dira
Mundakako Udalak San Pedro jaietarako kartel lehiaketa abiarazi du. Txapelketan parte hartu gura dutenek maiatzaren 31ra arte aurkeztu ahalko dituzte proposamenak, udaletxean.
Udalak ezarri dituen baldintza bakarrak honakoak dira: DIN A2 formatuan aurkeztea euskarri zurrunean baina baita be formatu digitalean eta Mundakako Jaiak 2013 San Pedro idatzita agertzea.
Kartel iragarlea izan daitekeenaren proposamenak udaletxean aurkeztu beharko dira maiatzaren 31a baino lehen, 09:00etatik 14:00etara. Irabazlearentzako saria 300 eurokoa izango dela jakinarazi dute.
Txapelketaren oinarriak udalaren webgunean (www.mundaka.org) kontsulta daitezke.
Txosna ipintzeko deia
Bestalde, San Pedro jaietan txosna ipini gura duten kultur, kirol eta gainerako talde guztiei be deialdie egin die Mundakako Udalak. Jakinarazi dutenez, aurten, ekainaren 28tik uztailaren 7ra bitartean ipini ahalko dira txosnak.
Txosna ipintzeko asmoa duten taldeek ekainaren 4ra arteko epea dute eskabideak egiteko eta udaletxean egin beharko dute. Frankiziarik gabeko erantzukizun zibileko poliza, baldintza guztiak onartzen dituztela agertzen duen agiria eta 1.000 euroko fidantza aurkeztu beharko dituzte. Oinarriak udaletxean bertan aurki daitezke edo, bestela, udalaren webgunean be eskuragarri ipini dituzte.