Ibarrangeluko HAPO barria garatzeko, herritarren iritzia jasoko dute barikuko batzarrean
Ibarrangeluko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) garatzeko, herritarren parte hartzea ezinbestekoa dela iritzita, auzotarren batzarra egingo dute barikuan 19:30ean, kultur etxean.
Bertan, Ibarrangeluko etorkizunerako kontuan hartu beharreko irizpideak herriko eragile eta bizilagunen artean eztabaidatu eta adostuko dituzte; gerora, Plan Orokorraren Aurrerapena deritzon dokumentu teknikoan biltzeko.
Hain zuzen, etorkizunari buruzko diagnostiko amankomun bat lortzea da udalaren helburua, eta, horretarako, Ibarrangeluren aukerak, ahuleziak, mehatxuak eta indarguneak ezagutu behar dituzte.
Herriko garapena ziurtatzeko hirigintza planaz gain, herriko arlo soziala, kulturala eta ekonomikoa garatzeko proposamenak be bilduko ditu udalak. Gainera, herriko sektore eta auzo ezberdinak be kontuan izango dituzte.
Udalak uste du, beraz, HAPO barriaren aitzakiagaz, datozen hamarkadetan Ibarrangeluko garapenaren ibilbidea definitzeko aukera paregabearen aurrean dagoela herria.
Igor Ahedo EHUko Parte-Hartuz taldeko kidea eta Begoña Arbe eta Ula Iruretagoiena arkitektoak dira plan barri hori garatzeko abian jarritako parte-hartze prozesuaz arduratu direnak, beste batzuekin batera.