Aurki konponduko dute Meakaurreko antzinako eskoletako teilatua
Morgako Udalak laster konponduko du Meakaurreko antzinako eskolen eraikinaren teilatua; izan be, neguko eguraldi kaxkarrek erabat kaltetu zuten.
Batez be, otsaileko haize bortitzek utzi zuten teilatua egoera txarrean. Itoginetatik sartutako urak teilatuaren estaldura hondatu zuen eta begibistan geratu zen eraikinaren egitura. Hala, udaletxe azpiko aretoan hasi ziren emoten ordura arte eraikinean emoten zituzten gimnasiako klaseak; lanak konpondu arte, behintzat, hala jarraituko dute.
Eraikina berreskuratze lanekin bukatuta, erabilpen anitz izango ditu eraikinak; udal biltegi bezala erabili ahal izango dute, esaterako.
Teila kentzen hasiko dira
Teilatua berreskuratzeko, beraz, hainbat lan egin behar izango dituzte; hasteko, teila kendu beharko dute, eta, era berean, hezetasunagatik hondatutako isolamendua eta zoladura altxatu beharko dute. Ostean, zoladura barri bat egingo dute: baporezko barreraren isolamendu barria, xafla iragazgaitza eta zeramikazko teila mistoa ezarriko dituzte.
Lan horiek gauzatzeko 45.389,50euroko aurrekontua izango du udalak; horren %90a Bizkaiko Foru Aldundiaren bitartez jasotako dirulaguntzagaz estaliko duelarik.