Pablo Ugartetxea, irudian
Bertrand Rusell idazlearen liburuaren titulua bere eginez,
Unarmed Victory izena daroa Pablo Ugartetxeak (Bilbo, 1967) Gernika-Lumoko kulturarako fabrika sozialean ikusgai jarri duen lanak. «Russellek Amerikako Estatu Batuen (AEB) eta Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren (SESB) krisia jorratzen du liburuan, Gerra Hotzaren garaian mundu mailako hirugarren guda bat leherrarazteko zorian egon zen krisia, alegia. Egoera, baina, elkarrizketaren bidez gainditu ahal izan zuten, ez armen bidez. Ildo beretik, Gernikak be bere garaipena lortu duela uste dut, eta ez da mendekuaren, armen edota suntsiketaren bitartez lortutako garaipen bat izan, baizik eta elkarrizketaren, hitzen, artearen… bidez lortutako garaipen bat», azaldu du egileak.
Gernikak berak inspiratu du
Unarmed Victory prestatzeko. Astra bera be inspirazio iturri izan du, arma lantegi ohi bat, suntsiketarako zentro bat sorkuntzarako gune bihurtzeak hausnartzera eroan baitu bilbotarra. «Gogoeta horretatik hasi, eta hiribildu magiko eta ikoniko horretan zehar murgiltzen da erakusketa, kutsu sinboliko indartsuak dauzkan herrian zehar: arbola eta Europar demokraziaren sehaska, hiri martiria, Bakearen Hiria…».
Egungo gatazken aurrean artista batek ezin dezakeela ezikusiarena egin deritzo Ugartetxeak. Hori dela eta, «gizarteak pairatzen duen gizatasun galeraren aurkako alegatu bat» egin gura du erakusketa horrekin, «gizakiaren tolerantziarik ezaren, indartsuenaren legearen, jendartearen eskubideen zapalketaren aurkako alegatu bat».
Izan be, Ugartetxearen iritziz, urteek eta mendeek aurrera egin arren, aurrerapauso gutxi eman dira. «Iraganari egin behar diogu so, gure akatsetatik ikasi eta egindakoak errepika ez daitezen. Horrek eragin zidan, hain zuzen, erakusketa hau Bakearen Hiriko arma lantegi ohian paratzeko gogoa».
Ekainaren 2ra arte egongo da Ugartetxearen lana Astran. 16:30etik 20:30era bisitatu ahalko da.