1963an jaiotakoak batuko ditu Erroxapek maiatzaren 31n
Urtero egin legez, Bermeoko Erroxape Emakumeen Elkarteak aurten 50 urte betetzen dituztenentzako jaia antolatu du, 1963. urtean jaiotakoentzat, hain zuzen be. Aurtengoa jaialdia antolatzen duten 17. urtea da, eta aurrekoetan egindakoarekin jarraituko dute.
Maiatzaren 31n, barikuan, bilduko dira aurton 50 urte egiten dituzten horiek. Halan da guztiz be, joan gura duenak beharrezkoa izango du aurretiaz izena emotea, eta hilaren 28ra arteko aukera dago horretarako. BBKren 2095 0209 509111919185 kontu korronte zenbakian sartu beharko dira 60 euro.
Bermeon jaio ez direnei abisua
Ohi legez, bariku horretan Eupeme Deuna elizan meza entzungo dute 20:00etan. Ondoren, oroimenerako argazkia egingo dute. 22:00etan, barriz, afaltzera joango dira. Aurten, gainera, lehenengoz, Bermeoko Kafe Antzokian afalduko dute, orain arte Kasinoan egiten baitzuten. Afaldu eta gero dantzaldia be bertan izango dute.
Antolatzaileek etxeetan gonbidapena hartu ez duten herritarrei dei egiten die, «urte horretan Bermeon jaio zirenen erreferentzia baino ez daukagu, elizetatik hartzen ditugulako jaiotakoen zerrendak». Hortaz, 1963an Bermeon jaio ez ziren horiei Erroxapek Erreten parkean duen lokaletik pasatzeko deia egiten die, «datuak jasotzeko», diote.