Busturiarrak garaipena ospatzen
Bizkaiko Bigarren Mailako Txapeldunen Kopa irabazita, Busturiak amaiera ezinobea emon dio 2012-2013 denboraldiari. Urko Garcia taldeko entrenatzaileak jakinarazi duenez, “pozarren” daude, denboraldi aparta egin baitute. “Bigarren mailako talderik hoberena gara; gol gehien sartu dituena eta gol gutxien jaso dituena”.
Txapeldunen Kopa denboraldiko partida hoberenetako bat jokatuta irabazi du Busturiak. Garciaren berbetan, “urduritasun barik jokatu genuen, futbol edarra eginez”.
Bertokoek Zazpi Landaren zelaian irabazi zuten garaikurra. Joanekoan bana bardindu ostean, bueltako partidan 2-3 nagusitu ziren. Busturiarrak aurreratu ziren markagailuan, baina Zazpi Landak bana bardintzea lortu zuten. Joko ona eginez, halanda be, Busturia barriro aurreratu zen, 1-3 jarriz. Partida amaieran sartu zuen 2-3koa Zorrozako taldeak.
Bermeo Bk, bestalde, Bigarren Mailan jokatu beharko du beste urte batez. Igoera play-offeko joaneko partidan 0-1 galdu zuten bermeotarrek, eta bueltakoan be 1-0 galdu zuten. Hala, Sopuertak jokatuko du Lehen Mailan datorren denboraldian.
Gernika bosgarren
Gernika Futbol Taldeak bosgarren postan amaitu du Hirugarren Mailako liga. Leioak galduz gero, gernikarrek play-offa jokatzeko aukera izango luke, baina leioztarrek ez zuten hutsik egin. Hala, play-off postuetatik bi puntura amaitu du liga Gernikak.