Laneko kooperatibako kideak, sagardo botilak eskuetan
Lurgozo elkarteak antolatuta, Arabako eta Bizkaiko ekoizle banaren produktuak aurkeztuko dituzte datorren astean Gernika-Lumoko Astra kulturarako fabrika sozialean. Zehazki, Laneko kooperatibaren eta Zarabikuren ekoizpena emango dute ezagutzera eguaztenean, hilaren 22an.
Trokoniztik dator Zarabiku. Arabako patata modu ekologikoan ekoizten egon ondoren, pauso bat harago joan eta Ecochips-ak edo patata frijitu ekologikoak ekoizteari ekin zion. Hurbilagotik dator Laneko, Gizaburuagan baitauka egoitza Lea-Artibaiko hamalau bat baserritarrek sortutako kooperatibak. Sagardoa eta txakolinaz gain, barazki eta fruita kontserbak ekoizten ditu. Sagardoaren kasuan, ekoizten dituen litro guztietatik 2.000 inguru sagardo ekologikoa da.
Batak zein besteak produktuak aurkeztu ondoren, dastaketa be egongo dela aurreratu dute. Hilaren 22an da hitzordua, 19:00etan.