Kartoia eta papera hobeto birziklatzeko informazioa zabaldu du udalak
Papera eta kartoia «hobeto» birziklatu asmoz, emon beharreko zenbait jarraibide azaltzen dituen eskuorriak banatuko ditu Bermeoko Udalak; izan be, udalaren ingurumen sailetik adierazi legez, «oraindik badago zer hobetu arlo honetan, eta batez be, herritarren esku dago».
7.200 eskuorri banatuko dituztela jakinarazi dute, herritarrek etxeko buzoietan jasoko dituzte. Eskuorri horien bitartez herritarrei gogorarazi gura die edukiontzi urdinetan ezin daitekeela sastarrik ez ontzirik bota. Gainera, kartoiak edukiontzi barrura bota behar direla aipatzen dute eta beti tolestuta. «Zoritxarrez, oraindik kartoi asko ikusten dira edukiontzien kanpoaldean utzita, tolestu barik sartuta edo baita be, sastarren edukiontzietan botata», diote.
Herrian beste arazo «larri» bat dagoela jakinarazi dute: «kotxeak txarto aparkatuta egoten dira edukiontzien ondoan eta horrek zerbitzua oztopatzen du».
Oraindik zer hobetu dagoen arren, edukiontzi urdinak erabiltzea herritarrentzat «eguneroko ohitura bihurtu dela esan daitekeela» diote udaletik.
Eskuorrietan emoten duten informazioarekin barriz, hobeto birziklatzea espero dute eta lan hori batez be herritarren eskuetan dagoela aipatzen dute.