Bigarren eskuko azoka egingo dute Axpen, domekan
Aurrekoan izandako arrakasta ikusita, bigarrenez antolatu du Busturiko Udalak bigarren eskuko azoka. Domekan egingo dute azoka hori, baina lehena Altamira auzoan izan bazen be, bigarrena Axpen egingo dute. Ziortza Bilbao kultura zinegotziak azaldutakoaren arabera, «asmoa auzo guztietan egitea da, bizilagun guztiak pozik egon daitezen».
«Aurreikuspenak egin ahal izateko», azokan parte hartu gura dutenek aurretiaz izena emon beharko dute Kultur Etxean, eta bihar arte egin dezakete.
Domekan egingo duten bigarren eskuko merkatuan denetarik ipini ahalko dela jakinarazi du Bilbaok. 10:00etatik 15:00etara izango dira Axpen, udaletxe aurreko plazan, hain zuzen. Euria eginez gero, aterpean ipiniko direla azaldu du Busturiko zinegotziak.