Akatz taldea izango da eguneko protagonista nagusia
Gerniska Rudelari taldeak antolatuta, ska musikak Gernika-Lumo hartuko du zapatuan. Taldeko kideek Ska Eguna antolatu dute hirugarren urtez jarraian, eta “jaialdi arrakastatsua” izatea espero dute, urtero bezala. Ska musika bertoko herritarren artean zabaltzeko asmoagaz, gainera, antolatzaileek egun guztiko egitaraua prestatu dute. Jakinarazi dutenez, jai giroan edarto pasatzeko aukera izango dute Ska Egunagaz bat egiten dutenek. Hala, “ez dago aitzakiarik etxean geratzeko”.
Gerniskakoek azaldu dutenez, ska klasikoa ez da ohiartzun handiko musika estiloa. Hortaz, bertoko herritarrei “beste alternatiba bat emotea” da jaialdiaren helburuetako bat.
Ska musikak zabalkunde handirik ez duela eta, gustuko taldeak aurkitzea kosta zaie antolatzaileei, baina guztia daukate prest dagoeneko.
Lehenengo Sound Riders bertsio taldeak joko du. Eguneko momentu gorena, baina, Akatzen kontzertua izango da. Bakiokoak 20. urteurrena ospatzen dabiltza, eta kontzertua jotzeko gogotsu helduko dira bertora. Antolatzaileek diotenez, “Euskal Herriko talderik garrantzitsuena da ska klasikoaren munduan”. Hala, ikuskizun apartagaz gozatzeko aukera izango dute Astrara doazenek.
Egitaraua
- 12:00etan. Poteo Sound System-a, Arranotik hasita.
- 14:30ean. Herri bazkaria, Astran. Txartelak Astran eta Ospan jarri dituzte salgai, barikura arte. Bazkaria amaitutakoan bideo emonaldia.
- 19:30ean. Pintxopote Sound System-a.
- 21:30ean. Akatz eta Sound Riders taldeen kontzertuak.
- 02:00etan. Dr. Baltz DJak musika baltza jarriko du Ospan.