ELKARRIZKETAREN AURRERAPENA. Euskal gehiengo sindikalak eta 60 gizarte eragile inguruk greba orokorra deitu dute maiatzaren 30erako. Inposatutako murrizketei kontra eginez, kalera irtetzeko deia egin dute Aitziber Barandika (LAB) eta Gotzon Basarazek (ELA).
Hilaren 30erako greba orokorra deitu duzue euskal sindikatuek. Arrazoi bakarra dago edo arrazoi asko daude greba egiteko?
Gotzon Basaraz: Arrazoi asko dauzkagu greba egiteko. Labur esanda, hor daude Euskal Jaurlaritzaren aurrekontuak, Espainiako gobernuaren murrizketak, lan hitzarmenen erreforma, ustelkeria kasuak, langabezia tasa, ekonomiaren egoera… Arazoei aurre egiteko, gainera, ez da neurri eraginkorrik hartu. Langilegoari orain arte bezala jarraitzeko eskatzen diote agintariek, etsipen mezuak zabalduz.
Aitziber Barandika: Lea Artibaiko eta Busturialdeko egoera ekonomikoa, gainera, beste eskualde batzuetan baino okerragoa da. Hala, bestelako lan eta ekonomia ereduak aldarrikatzea da irtenbide bakarra.
Zein da greba orokorraren helburua?
Barandika: Eredu aldaketa bat exijitu gura dugu grebagaz, baina ez gara horretan geratuko. Euskal sindikatu eta eragile guztiok, Itun Sozial bat sinatu gura dugu. Hala, etorkizunean be, gure aldarrikapenak zabaltzen jarraituko dugu. Helburua, bizi eta lan baldintza egokiak aldarrikatzea izango da, gure eredua marraztuz. Greba inflexio-puntu bat izan behar da langileriarentzat, baina ez bidaiaren amaiera. Zentzu horretan, maiatzaren 25ean egingo dugu nazio mailako lehen batzarra, ituna zehazte aldera.
Zerbait konponduko du greba orokorrak?
Barandika: Argi dago grebak ez duela ezer konponduko. Egun baten ez da borroka bat irabazten. Prozesu baten barruan ulertu behar da greba. Hala, prozesu horrek jarraipena izan behar du. Alternatibarik ez dagoela eta grebak ezertarako balio ez duela sinistarazi gura digute agintariek, baina ez da horrela.
Noiz jarri behar dituzuen martxan greba komiteak?
Barandika: Gaurtik aurrera hasiko gara greba komiteetan batzen. Hala, herritarrei eta gizarte eragileei komiteetan parte hartzeko deialdia luzatu gura diegu, guztion indarra behar baitugu.
Greba komiteen deialdiak
- Bermeo. Eguaztenean, hilaren 15a, batuko dira. Kultur etxean, 19:00etan.
- Gernika-Lumo. Barikuan, hilaren 17a, batuko dira. Astran, 19:00etan.