Erromeidxe antolatzen duten herriko talde guztiak egunak utzitakoarekin “pozik” daudela azaldu du Ramon Garaizar Kankinkabara Txistu Taldeko kideak. Sortutako giroa nabarmendu gura izan du Garaizarrek, batez be, eguerdian Goiko Plazako ekitaldian sortutakoa: “herritar ugari bildu ziren bertan, eta gure emanaldiak ikustera hurbiltzeaz gain, parte hartzera be animatu ziren asko eta asko”. Hori da, gainera, taldeen helburua, “herritarren parte hartzea sustatzea”.
San Pedro Arrantzaleen Kofradian bazkaldu dute aurton, eta 500 lagunentzako lekua bazegoen be, 350 lagun izan ziren, iaz baino gutxiago. “Data kontua izan daiteke, maiatzean gauza asko pilatzen direlako”, dio Garaizarrek. Halanda be, “giro ezin hobean egon zirela” aipatu du.
Gutxi gutxika Euskal Jaia sendotzen doa Bermeon. “Gurean jai asko egiten dira baina Erromeidxek beste kutsu bat eman diola uste dut, dantzarekin eta musikarekin lotutako jaia baita. Herritarrek, herritarren gozamenerako egindako jaia da”. Hamabi taldek parten hartzen dute antolakuntzan eta taldeetako kideak kalera ateratzen dira, baina herritarrei jakinarazi gura die ez dela taldeei mugatutako jaia, edozeinek parte har dezakela. Garaizarren esanetan, “uste dut herritarrak hasi direla konturatzen norantza goazen eta aurten jende gehiago izan da kalean. Danontzat antolatzen dugun jaia da Erromeidxe”.
Datorren urterako erronka nagusia Erromeidxe oraindik be “gehiago sozializatzea” dela azaldu dute.
Aurreikusita zutena baino jaialdi “xumeago bat” egin dute. Gastuak zeroan uztea izan dute helburu, lortutako diru sarrerak apirilaren 11ko sutean kaltetuei bideratzeko. Oraindik, baina, ez dute zenbatu ateratako dirua.
Hemeretzi sari zozkatu zituzten zapatuan. Jantzi tradizionalen saria hartzeko, Bermeoko Kultura Sailarekin harremanetan jarri beharko dira saridunak. Hilabete izango dute horretarako. Tabernetako sariak batzeko, barriz, Zubigane tabernara jo beharko dute tarte berean. Tabernetako sarien epemuga urte amaierara arte izango dela jakinarazi dute.
Hona hemen zenbaki irabazleen zerrenda: