Indusmakinak beharrean, sutearen ondorengo egunetan
Modu horretan, gunea birgaitzeko diru laguntzak jaso ahalko lituzkete. Bermeoko alkate Idurre Bidegurenen esanetan, «laguntzak ez lirateke garrantzitsuak izango, baina ahal ditugun guztiak eskatzeko izapideak egingo ditugu».
Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariarekin zenbait bilera izan ostean erabaki du Bermeoko Udalak eskaera formalizatzea, «harek posible ikusten baitzuen sutearen gunea hondamen-eremutzat jotzea». Aitorpen hori lortuz gero, udalak Espainiako Gobernuak emoten dituen laguntzetaz baliatu ahalko da.
Sutea gertatu eta hilabetera, erakunde guztiek «batera lan egin behar dutela» nabarmendu du Bidegurenek, «erakundeen, etxebizitzen jabeen, banketxeen eta aseguru etxeen elkarlana beharrezkoa da hemendik atera ahal izateko, oraindik be asko dalako egiteko dagoen lana». Alkateak adierazi duenez, Nardiz Tar Jon kaleko «zero guneak denbora garrantzitsua beharko du normaltasunera bueltatzeko eta birgaitze lanak amaitzeko». Halanda be, epe hori «ahalik eta laburrena» izatea espero du alkateak.
Ertzaintzak Bermeoko Alde Zaharreko sutea zelan piztu eta zabaldu zen ikertzen jarraitzen du. Alkatearen ustez, «oso garrantzitsua da gainera hori zehaztea, horrelakorik barriro gertatu ez dadin».
Bizilagunei dagokienez, «gutxi gutxika horien zalantzak» argitzen doazela adierazi du Bidegurenek, baina «konponbide perfektuarekin emotea zaila» dela gaineratu du, «bakoitzak bere etxea izatea izango litzateke-eta konponbiderik onena».